2023-24 ikasturtea

Haur Eskolaren zerbitzuari lotutako behin-behineko erabakia hartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 20a, 11:33

Datorren 2023-24 ikasturteko Haur Eskolako kuoten bi herenak Udalak bere gain hartzea erabaki du behin-behinean, udal gobernu taldeak asteartean Sutegin deitutako bileran berri eman zuenez.

Hezkuntza Lege berria zeresana ematen ari da, eta eragina ere izaten ari da, besteak beste, Usurbilgo Haur Eskolan. Hedabideen bidez jakin da, hurrengo ikasturtera begira Haur Eskolen hezkuntza eskaintza doakoa izatea bermatu asmo dutela. Baina horraino. Ez dago argi doakotasun hau nork eta nola bermatuko duen. "Irizpide argirik ez" dago udal gobernu taldetik, gai honi buruzko argibideak emateko asteartean Sutegin deitutako bileran ziotenez. Langile edota erabiltzaileak bildu zituen kultur-etxeko auditorioko hitzorduan azaldu zuten moduan, Eusko Jaurlaritzak kudeaturiko Partzuergokoak dira Haur Eskola batzuk, pribatuak besteak eta azkenik, Usurbilgoa bezala, udal titulartasun publikokoak daude.  

Kalezarren kokatua dagoen Haur Eskola hain zuzen, udal titulartasunekoa da, Udalak eta zerbitzua esleitua duen Udarregi ikastolak lankidetzan kudeatzen dute. Kuota bat ordaindu behar izaten dute gurasoek. Egun, Haur Eskolaren zerbitzuaren %33a familiek finantzatzen dute hain zuzen, %49a Eusko Jaurlaritzak eta gainerako %18a Udalak. "Udal aurrekontuen %3-3,5 Haur Eskolara bideratzen da", Usurbilgo EHBildutik Sutegiko bileran zehaztu zutenez. Hau ordea, goitik behera aldatuko da datorren ikasturtean.

Finantzazioa handitzeko eskaera Jaurlaritzari
Apirilaren 18ko bileran Udalak bat egin zuen Eusko Jaurlaritzaren asmoarekin. "Babesten dugun neurria da", Haur Eskolen doakotasuna bermatzea, baina gogorarazi zutenez, "udal Haur Eskolek ezin dute hortik kanpo geratu", alegia, doakotasun hau Usurbilgoa bezalako udal titulartasuneko baina publikoak diren Haur Eskoletan ere ziurtatu beharra dagoela azpimarratu dute, ez soilik Jaurlaritzak kudeatzen dituen Partzuergokoetan. Haur Eskola publikoa izanik, EHBilduk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamenarekin bat egiten dutela azaldu zuten udal gobernu taldetik Sutegiko bileran. Hezkuntza arloko eskumena Jaurlaritzarena izanik, eta Jaurlaritza berak bermatu nahi duenez Haur Eskolen doakotasuna, finantziazioa nabarmen handitzea eskatua dio koalizioak Gasteizko gobernuari, aipatu doakotasun hori ziurtatzea alegia. "Ez gara asko" zioten udal gobernu taldetik, udal Haur Eskolak. EAE-n hamahiru udalerriek baino ez dituzte udal titulartasuneko Haur Eskolak. 

Bi herenak Udalaren kontu urtebetez
Eskaera honek ordea ez du erantzunik jaso. Udal gobernu taldea argibide eta bilera eske aritu da azken aldian baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Testuingurua argitu gabe dagoela ikusita ordea, zer gerta daitekeen jakiteke dagoenez, eta hurrengo ikasturterako aurrematrikulazio epea zabalik, Udalak Haur Eskola baliatzeagatik gurasoek ordaindu beharreko kuoten bi herenak bere gain hartzea erabaki du urtebetez. Argi utzi dute, hartutakoa behin-behineko neurria dela, "trantsizioko egoera honetan, udal Haur Eskolako erabiltzaileen mesedetan hartutako erabakia da". Gurasoek ordaindu beharreko kuotaren herenari begira, Udalak iaztik onartua duen hobarien sistema eskuragarri dutela ere gogorarazi zuten. Familiek dituzten diru-sarreren arabera, %50-90 arteko hobarien onuradun izateko aukera dute Haur Eskolako erabiltzaileek.

Lizitazio berria 
Aipatu moduan, urtebeterako hartutako erabakia da honakoa. Ez da behin-betiko erabakia honenbestez. Momentuz, datorren 2023-24 ikasturteari begira kuoten ordainketan egingo duten aldaketa esanguratsua denez, egun, Udalak eta Udarregi ikastolak duten kontratua adostasunez etetea erabaki dute. Lizitazio berri bat martxan jarriko dute datorren ikasturte hasierarako, irailerako alegia, prest egon dadin. Udalak hartutakoa "konplexutasun handiko erabakia" dela gogorarazi zuten.

Datorren urtea igarota, "hortik aurrera zer?" galdetzen zuten udal gobernu taldetik. Gaurkoz argibide gehiago eman ezinean direla adierazi zuten udal gobernu taldetik. "Aukera guztiak mahai gainean daude". Lasaitasunez, denbora tarte bat hartuko da "Haur Eskolaren etorkizunak nolakoa izan behar duen" zehazteko. "0-16 adin tarteko jarraikortasunezko herri proiektua da" Usurbilek egun duena eta duela 15 urte horren alde eginiko "apustuan berresten gara", adierazi dute udal gobernu taldetik. Egungo herriko hezkuntza ereduari eusten segi nahi diote beraz. Aurrera begira, ordea, herri proiektu honi heltzen jarraitzeko, "horri eusteko ahalegin ekonomikoak partekatua izan behar du".

Balizko bideak
Sutegiko bileran gogorarazi zuten, Udala urtebetez finantziazioaren %66a bere gain hartzea ez dagoela derrigortua, hezkuntza arloko eskumena izatez Eusko Jaurlaritzarena baita. Jaurlaritza izan da Haur Eskolen doakotasuna iragarri duena, eta beraz, udal gobernu taldetik, erabaki hau babesten duela argi utzita, Gasteizko gobernuari eskatzen dio bere gain har dezala doakotasun hori bermatzeko finantziazioa. 

Hortik aurrera, udal gobernu taldeak argi dio, "Udalak beste hamaika zerbitzu ditu eta ezin da zerbitzu publiko guztietan doakotasuna bermatu". Diskriminatzailetzat jotzen duten egoera honen erantzule ez direla adierazita, beste behin, "gure gain hartzera goaz, beste batzuen ardura". Baina behin-behinean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak finantziazioa bere gain hartzea eskatzen dute. Bestela, "Partzuergoko bidea" egin beharra ez dute baztertzen. Hortxe legoke, bigarren aukera, "Partzuergoan sartzea, baina proiektu propioarekin". Aipatu moduan, ordea, Haur Eskolaren etorkizunaz erabakitzeko tarte lasaia hartzekoak dira datorren urtebete honetan.

Hogei urtetik gorako ibilbidea
Kalezarren kokatua dagoen zerbitzua Udalak eta esleipen deialdian hautatua izan zen Udarregi ikastolak kudeatzen dute lankidetzan. 2001ean ireki zenetik, lehen urteetan Ibanher kooperatibak kudeatu zuen 2008 arte. "Partzuergora jauzi egin edo ez" erabakitzeko "herri eztabaidaren ondotik, Usurbilek bide propioa jorratzea erabaki zuen", gogorarazi zuten astearteko Sutegiko bileran. Ordutik, esleipen bidez Udarregi ikastolak kudeatu izan du Haur Eskola, aipatu moduan, Udalarekin lankidetzan. 2021ean berritu zuen Udalak azkenekoz, esleipen deialdi bidez baita zerbitzu honen kontratazioa beste hiru urterako, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. 

Orain, Udalak datorren ikasturteko kuoten bi herenak bere gain hartzea erabaki ostean, lizitazio berri bat abiaraziko dute abiada bizian, irailerako prest egon dadin. 

70 haur inguru daude eskolan, 140 izatera ere heldu zen aurreko hamarkada hasieran, 40 ume izan dituzten ikasturteak ere izan ditu, Udaletik zehaztu dutenez.