2023-24 ikasturtea

Udalak kuoten %62 bere gain hartuta hasi dute ikasturtea Haur Eskolan

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 7a, 11:02

Doakotasunaren bidean, abiatu berri den 2023-24 ikasturterako familiek ordaindu beharreko Haur Eskolako kuoten %62a bere gain hartuko du Usurbilgo Udalak.

Nabarmentzeko moduko aldaketa batekin ekin diote ikasturte berriari Haur Eskolan. Familia bakoitzak datozen hilabeteotan ordaindu beharko duen Haur Eskolako kuoten %62a bere gain hartuko du Usurbilgo Udalak.

Gogoan izan, udaberrian hartu zuten erabaki hau, Sutegin apirilean eginiko bilkura batean jakinarazi zuten moduan. Horretarako, aurreko legealdiko azken osoko bilkuran, maiatzaren 25ekoan aurtengorako onartuak zituzten ordenantza fiskalak aldatzea erabaki zuen udalbatzak 

Erabaki hori bermatuko duen bigarren urratsa eman zuten, bestalde, iragan uztailaren 20ko ezohiko osoko bilkuran. Udal titulartasunekoa den Haur Eskola Udarregi ikastolari zerbitzu-emakidaz esleitua dion kontratuaren bigarren klausula aldatzea erabaki zuten aho batez udal ordezkari guztiek, neurri hau bozkatu aurretik, udal gobernu taldetik berri eman zuten moduan. "Izan ere, Udalak ume bakoitzeko bideratu behar duen diru kopurua handiagoa baita, nabarmen. Udal ekarpena matrikulatu den ume kopuruaren arabera finkatzen da".

Ikasturte berri honetarako, hain zuzen, 72 haur matrikulatu dira Haur Eskolan, azken urteotako kopuru handiena, udal gobernu taldearen esanetan. Ondorioz, "2.700 € bideratuko ditugu datorren urtean ikasleko. Guztira, udalak bere gain 200.000 €tik gora bideratuko ditu datorren urtean, aurreko ikasturtean baino 120.000 € gehiago, gutxi gorabehera".

Alkateak osoko bilkura hartan gogoratu zuenez, gainera, ordaindu beharreko kuotan izango den murrizketaz gain, hobariak ere herritarren eskura daude. Norbere errentaren arabera, %50-90 artekoak jaso daitezke. 

Urtebeterako
Familiei aplikatuko zaien kuota murrizketa, Udalak behin-behinean hartutako erabakia izango da, 2023-24 ikasturterako soilik. Hortik aurrera, 2024-25 ikasturterako "zer egin erabaki behar da", zioen argi udal gobernu taldeak uztaileko osoko bilkuran, "egungo datuetan, zama ekonomiko handia baita Udalarentzat". Beranduenez, urte amaierarako, abendurako "erabakia hartua izan nahi dugu". Bitarte horretan, batetik, aukera baten edo beste baten alde egiteko bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterketak egiten ari dira, "bestelako hausnarketak ere" bai. Horrez gain, bai Udarregi ikastolarekin eta baita Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin "komunikazio kanalak irekiak ditugu".

2024ra arteko kontratua
Uztailaren 20ko osoko bilkuran Udalaren eta Udarregi ikastolaren artean sinaturiko esleipen kontratua aldatu zuten. Kontratua bera 2021eko uztailaren 6koa da. Urte hartako udaberrian abiarazi zuten une horretara heltzeko prozedura. Ekainaren 24an onartu zuen udalbatzak Udarregi ikastolari esleitzea udal zerbitzu hau. 

Kontratua hiru urterako sinatu zen, zerbitzua ematen hasi ziren irailaren 1etik zenbatzen hasita, 2024. urtera arte alegia, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Hiru urteko epealdia, beraz, urtebete barru amaituko da. 

Doakotasunaren bidean
Eusko Jaurlaritzak urte hasieran eginiko iragarpen baten haritik datoz neurri hauek guztiak. Hezkuntza Sailak Haur Eskola publikoen doakotasuna aldarrikatu zuen datorren 2023-24 ikasturtera begira. Doakotasun hori bermatzeko finantzazioa, ordea, Jaurlaritzaren mendeko Partzuergoko kide diren eskolentzako iragarri zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden udal titulartasuneko hamahiru Haur Eskolak (Usurbilgoa tartean), neurri horretatik kanpo geratu ziren. 

Biltzea eskatu eta Haur Eskola hauen doakotasuna bermatzeko finantziazioa bere gain hartzea eskatu arren, Udalak gaur arte ez du baiezkorik jaso. "Udal haur eskolak, baztertuak izan gara haur eskolen doakotasun unibertsala bermatzeko erabakitik, izan ere, Eusko Jaurlaritzak udal haur eskoletara bideratzen duen dirulaguntza bere horretan utzi du". 

Udal gobernu taldetik nabarmendu zutenez, ordea, "Eusko Jaurlaritzarentzako kostu ekonomikoa bere gain hartzea, ez da zama bat. Aurten, 3.150.000€ bideratzen ditu udal haur eskoletara eta gastu hori bikoiztuta, arazoa konponduko litzateke. 6.000.000€ asko da, baina testuinguruan jartzeko, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua 2023 urtean, 14.500 milioi € ingurukoa da eta Partzuergora 66.000.000€ bideratzen ditu".

Hezkuntzari lotutako eskumena Jaurlaritzarena izan arren, ez du udal titulartasuneko Haur Eskolen finantziazioa indartu. Kalezarren kokaturiko Haur Eskola modu honetan finantzatu izan da orain arte: %48,8a Eusko Jaurlaritzak, %33,7a familiek kuota bidez eta %17,5a Udalak. Udalaren ehuneko horren baitan sartua dago, ume usurbildar bakoitzeko Udalak ordaindu beharreko kopurua, 1.100-1.200 euro orain arte, eta eraikinaren mantenu eta kontsumo gastuak.

"Ekarpen horiek bere horretan utzita, ulertzen genuen Usurbilgo familiek diskriminazio bat jasaten ari zirela, izan ere, inguruko herrietan doako haur eskolak bermatzen ziren bitartean, Usurbilen ez zen halakorik bermatzen. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu izan diogu finantziazioa igotzeko, eta bereizketarik ez sortzeko Partzuergoko haur eskola eta udal haur eskolen artean". 

Jaurlaritzak hala egin ez duela ikusita, "aurreko legealdian erabaki genuen udalak hartzea bere gain gurasoen kuoten zati handi bat, doakotasunerantz hurbildu ahal izateko". Udalak Haur Eskolara bideratuko duen kopurua da aldatuko dena ikasturte honetan; 120.000 euro inguru gehiago bideratuko dute Haur Eskolara, 2.700 € ikasleko, 200.000 euro baino gehiago guztira.