Bizi osorako etxebizitzak

Etxean bezala sentiarazteko espazioak, intimitatea eta bizitza komunitarioa uztartuko dituztenak

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 17a, 15:08

Zaintza behar dutenak eta haien zaintzaileak elkarrekin bizitzea ahalbidetuko dute Egurtzegiko bizitza osorako sei etxebizitzek. Iragan astean, herritarrek eremu hau ezagutzeko aukera izan zuten barrutik. Hedabideen txanda izan da gaurkoan.

Aurreko astean berri eman genizuen moduan, bizileku argitsuak dira, espazio zabalekoak, kanpoaldearekin (bai komunitatearekin zein ingurunearekin) hartueman zuzena dutenak, baina baita kokatuak dauden eraikin barruko bizimoduarekin ere.

Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzei buruz ari gara. Duela bi urte inauguratu zuten eremuaren baitan eskainiko den balibide berria duzue, zaintza behar dutenak eta haien zaintzaileak (izan afektiboak edota profesionalak) elkarrekin bizitzea ahalbidetuko duten "bizi osorako etxebizitzak" deiturikoak.

Guztira sei dira, denak Matiaren jabetzakoak baina haietatik lau Usurbilgo Udalak alokatuak ditu Usurbilgo herritarrentzat, Udalak berak eta Matiak izenpeturiko hitzarmenari esker. Udalak kudeatuko ditu lau etxebizitza hauek. Aldaketarik ez bada, udazkenean zehar abiatuko du horien esleipen prozedura, aurrez horietara sartzeko baldintzen araudia onartu ostean.

"Diseinu berezia"
Horri guztiari buruzko xehetasunak azkeneko bi ostegun hauetan eman dituzte Egurtzegiko eremu horretara eginiko bisita gidatuetan Matiak eta Udalak eta, noski, bizilekuok barrutik ezagutzeko aukera izan da.

Segidan dituzue etxebizitza hauei buruzko ezaugarri nagusiak, irudietan ikusgai dira baita. "Diseinu berezia" dutela nabarmendu dute, bertan egongo dena etxean bezala sentiarazi dadin. Izan ere, "diseinua bertan bizi diren pertsonen ongizatea eta autonomia sustatzeko pentsatuta dago".

Horregatik, "irisgarria, mugikortasun libre eta erosoa" ahalbidetzen duten bizilekuak izango dira. "Koloreei eta materialei dagokienez, tonalitateen kontrastea eta bereizketa hartu dira kontuan, ikusmen-arazoak edo dementziaren bat izan dezaketen pertsonen orientazioa errazteko".

Zainketa behar duenaren gela "laguntza-maila desberdinak behar dituen pertsonarentzat pentsatuta dago. Diseinuak kanpoaldeko eta egongelako ikusizko elkarreraginak ahalbidetzen ditu, ohean denbora asko egoten diren pertsonengan pentsatuta". Zaintzaileak beste logela bat izango du.

Interakzio soziala
Terraza, egongela eta sukaldeak osatuko dituzte, elkarren ondoan egongo diren sei bizilekuak. Bizilekuon artean espazio komunak sortuko dira,  "bizilagunen erabilerarako gune irekiak". Horiei esker "interakzio soziala sustatzen da, non pertsonek komunitatean lotura berriak sortzeko aukera duten, espazioa, esperientziak eta kidetasunak partekatu ahal izateko". Hortxe hasi da hain zuzen gaurko bisita gidatua. Etxeok bateratzen dituen atari estalia hutsik da egun. "Bertan biziko direnei utziko diegu erabakitzen, erabilera".

Ez da ahaztu behar, zaintzadun etxebizitzak izango dira honako hauek, Egurtzegiko gainerakoak bezalaxe. "Etxebizitza guztietan hainbat zerbitzu osagarri bermatzen dira, hala nola, espazio komunen garbiketa eta mantenua, edota erabiltzaileen beharrei erantzuteko Egurtzegiko erreferentziazko pertsonak".


Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak
-Jabea: Matia.
-Kopurua: 6.
-Udalak alokatuak: sei etxebizitzetatik lau Usurbilgo herritarrentzat. Udalak alokairuan emango dizkie herritarrei.
-Etxebizitzon ezaugarriak: bi logela, bat zaintza behar duenarentzat, bestea zaintzailearentzat. Logela bakoitzak komun bana barruan. Horrez gain, sukaldea, egongela eta terraza.
-Hornidura: sukaldea eta komuna hornituak izango dituzte. Gainerakoan, bizikideek hornitu ahalko dute.

Erlazionatuak