Gure bizi erritmo azkar honetan hain gaude murgilduta, nahiz eta erabaki yogako klase batera joatea, gure buruari tarte bat eskaintzeko, gure burua zaintzeko, luzaketa batzuk egiteko edota erlaxaziorako, oso zaila egiten zaigula erritmoa mantsotzea. Yogako asana edo postura bat mantentzen ari garen bitartean gure buruak hor jarraitzen du pentsatzen “frigorifikoa hutsa daukat eta gero erosketak egitera joan beharko dut”, “biharko lan hau bukatzeko daukat”, “goizean lankidearekin izandako gaizki-ulertua ea bihar konpontzen dugun”… Txarrenean ere gure gorputza luzatzea eta amaieran agian erlaxazioaz disfrutatzea lortuko dugu. Eta ez dago batere gaizki. Baina hain dago urrun yogatik eta batez ere, meditaziotik.
Meditazioak ez du zerikusi askorik horrekin. Honek ekar ditzakeen esperientzia espiritualak alde batera uzten baditugu, oinarri oinarrian, orainaldian egoteko gaitasunarekin du harreman estua. Egon, hemen eta orain. Izan, hemen eta orain. Sinplea. Sinplea bezain zaila.
Arreta gure arnasketara eraman. Egun osoa igarotzen dugu arnasa hartu eta botatzen baina ez gara horretaz jabetu ere egiten. Ez jara konturatzen ematen dugun pauso bakoitzaz, mantentzen dugun gorputz posturaz, egiten dugun mokadu bakoitzaz, gure gorputzaren mugimenduez, ezta emozioez. Mugimendu guztiak mekanikoki egiten ditugu, horretan pentsatu gabe (eta bitartean beste mila gauzetan pentsatzen). Hain bizi gara azkar…
Eta, zertarako balio du ba honek? Zergatik da garrantzitsua egiten ari garenari arreta jartzea? Ba, besteak beste, errealitatearekin kontaktuan mantentzeko eta errealitatea hautemateko daukagun modua delako. Lehenaldiko gertaeretan ainguratuta edo etorkizunarekin arduratuta bizi gara egunerokoan, eta bi aukera horietatik ihes egin nahi dugunean, sare sozialetako lainora jotzen dugu. Iraganera begira, etorkizunera begira eta kanpora begira dihardugu. Meditazioak aukera ematen digu orainaldira eta barrura begira jartzeko. Ze gu laino horretan bizi garen bitartean bizitza gertatzen ari da eta gu ez gara konturatu ere egiten, gure arnasarekin edo pausoekin bezalaxe. Bizitza hemen eta orain bakarrik gertatzen da. Gure hautua da hau aukeratzea.
Esaldi ideal hori idatzi badut ere, ez noa inor engainatzera. Testua idazten ari naizen bitartean, ez naiz konturatu ere egin nire hatzek zapaldu duten tekla erdiez, gosaria irentsi dut pantailari begira, lau bat aldiz sartu naiz Instagramen eta nire buruan mantra bezala errepikatu zait “ahalik eta azkarren testua bukatu behar dut, gaur da bidaltzeko azken eguna”. Erraz esaten da baina ez da hain erraza egunerokotasunean praktikara eramatea. Gure inkoherentziak ditugu, baina, batzuetan bakarrik bada ere, merezi du orainaldia bizitzeko saiakera egiteak.