Udaberria?

Erabiltzailearen aurpegia Aroa Etxeburua 2019ko api. 8a, 15:38

Udaberriko ekinokzioa igaro berri dugu, izan ere, aurreko asteazkenean agurtu genuen negua udaberriari hasiera emateko. Jada nabari dira bitxiloreak zelaietan, autoen kristalak polenez estalita daude han eta hemen. Pozgarria zait lurra esnatzen ikustea, bizitza berriak ernetzen sumatzea, udaberri usaina.

Niri negua ez zait askorik gustatzen, hotza eta euriak tristura sorrarazten dit. Negu honen hasieran, katiuska batzuk erostea pentsatu nuen, aurten bereziki gogo gutxi bainuen egun euritsuetarako eta neguari aurre egiteko “kit”ean katiuskak gehitzea aukera bikaina iruditu zitzaidan. Baina konturatzerako, udako oinetako txuri-txuri batzuk erosten topatu dut nire burua. Egia esan, negu honetan egun euritsuak bezain beste izan dira eguzki goxotan hartu ditudan kafe luzeak. 

Onartu beharra daukat tabernako terrazan eguzkitan gustura egon naizela negu honetan, katiuskarik gabe. Baina nire plazera alde batera utzita, kezkagarria da egoera. Aldaketa klimatikoaz ari naiz, bai. 

Honen harira, azken aldian ezaguna egin da Greta Thunberg, 16 urteko ikasle eta aktibista suediarra. 2018ko abuztutik ostiralero parlamentuaren parean greba antolatu du aldaketa klimatikoaren aurka eta #FridaysForFuture lemapean mugimendua zabaltzen joan da pixkanaka beste herrialdeetan zehar. 

Apirilaren 15ean Euskal Herriko hainbat ikasle ere grebara batu ziren, beste 105 herrialderekin batera. Gazteak gai honekin arduratzen hasiak dira munduan zehar eta ez zaie motiborik falta.  

Ni ez naiz ez aktibista, ezta gai hauetan aditua ere, baina edozein herritarrek ulertzeko modukoa da bizi dugun egoeraren larria. Kapitalismo kontsumista hau gure planeta akabatzen ari da gure muturren parean. Oinarrizko oinarrizkoena suntsitzen ari gara, gure oinek zapaltzen duten lurra, gu elikatzen gaituen lurra, guk arnasten dugun airea, guk edaten dugun ura… 

Bizitza fisikoki sostengatzeko beharrezko baliabideak suntsitzen ari gara eta agerikoa da, baliabide hauek gabe ez dela posible bizitzarik Lurrean. Geure ondorengoei utziko diegun gizartean   pentsatzeak agian zentzua galduko du hemendik urte batzuetara, guk geuk, etorkizun laburrean, dugun planeta hau bizirik   mantentzeko horrelako zailtasunak ditugunean. 

Pesimista xamarra da testu hau, badakit. Eta gustatuko litzaidake honi aurre egiteko alternatiba itzel batekin ixtea azken paragrafoa. Baina ez daukat. Ez zait bururatzen honi amaiera on bat emateko modurik, egia esan. Greta Thunberg parlamentuaren parean esertzen da ostiralero politikariei aldaketa klimatikoaren gaia lehen lerroan jartzea exijitzeko. Eta ez da gutxiagorako, etorkizuneko gizarteko edozein proiektuk zentzua galtzen baitu gure Lurrean gauzatzea posible izango ez bada. Geure teilatuaren aurka botatako harri guztiak ikusita, gizakiaren inteligentzia maila zalantzan jartzeko modukoa da gure jarduna. Geure Etxea pikutara doa.