Datuak

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Lizaso 2019ko ots. 19a, 13:53

Zenbakiak gora eta portzentajeak behera. Laster etorriko zaigu ate-joka martxoaren 8a eta berarekin ekarriko ditu, besteak beste, greba feminista, datu-zaparrada eta puntu moreak.

Badirudi, datuek ez dutela gezurrik esaten. Batek baino gehiagok pentsa dezake “zenbakiak dira eta, nola ez, objektiboak”. Aldiz, ez da horrela. Betaurreko moreak jantzi eta pare bat adibide irakurtzea.

Jakin badakigu, urte berria hastearekin batera, kontagailua hutsean jartzen dela hainbat kontuan. Esaterako, zerotik hasten dira zenbatzen emakume erailak. Ondoren, martxoaren 8an edota azaroaren 25ean, bolo-bolo erabiliko dituzten zenbakiak besterik ez dira izango. Horrela, ezkutatuko dituzte horien atzean zeuden bizi proiektuak, ametsak eta aurrera egiteko grinak. Esango dute “aurtengoan hainbeste” eta kito. Horiek datu ofizialak dira, baina ez benetakoak. Izan ere, genero-indarkeriatzat hartzen direnak soilik kontatzen dituzte, hau da, gizonezko bikotekideek edo bikotekide ohiek erailtzen dituzten andreak.

Hala ere, zabalagoa d(ir)a emakumeen aurkako indarkeria(k). Ziur nago gogoan izango duzuela 2008ko San Ferminetan gertatutakoa. Hain zuzen ere, Diego Yllanes mediku-psikiatrak Nagore Laffage neska gaztea erail zuen. Hori ez da genero-indarkeria, ez baita bikotekidea edo bikotekide ohiaren (era)hiltzailea. Beraz, erailketa matxista da eta ez du lekurik zenbaki ofizialen artean.

Eraildakotik hildakoraino desberdintasunak dauden bezala, genero-indarkeriatik erailketa matxistetara ere badaude diferentziak.

2003an jasotzen hasi ziren datu ofizialen arabera, Espainian, 47 emakume erail zituzten 2018an bikotekideek eta bikotekide ohiek. Matxismoak, berriz, 97 emakume erail zituen iaz espainiar estatuan (ikus: https://feminicidio.net/ eskertzekoa da egiten duten lan guztia).

Urtero-urtero, urtarrilaren 1arekin batera kontagailua hutsaren pare uzten dugun arren, azken hamabost urtetan (2003-2018), Espainian, 976 emakume erail dituzte gizonezko bikotekideek eta bikotekide ohiek (genero-indarkeria).

Hildako/eraildako guztiak hutsetik kontatzen al ditugu urtero? Zergatik bai? Zergatik ez? Beraz, zer-nolako datuak eta zifrak saltzen dizkigute?

Oharra:

Emakume erailen inguruan soilik hitz egin dut. Kontuan hartu behar da emakumeonganako indarkeria askoz ere zabalagoa dela (sinbolikoa, ekonomikoa, fisikoa, psikologikoa, instituzionala…) eta ertz ugari dituela (arraza, klasea, sexualitatea, adina, erlijioa, kultura, hezkuntza-maila, estatus ekonomikoa, jatorria, aniztasun funtzionala…). Horietako hainbat faktore elkar gurutzatzen dira.