Larritzen nau martxoaren 8an eragile, sindikatu eta alderdi politiko guztiek lazo edo puntu morea ezartzeak, baina gainerako 365 egunetan hatzik ez mugitzeak. Horren adibide garbia da egunotan prentsan atera den berria: Irungo alarde ez mixtoak publikoki eskerrak eman dizkie jasotako sostenguagatik EAJri, PSEri eta PPri. Ondotik etorri dira alderdi politiko horietako partaideen erantzunak edo perlak “beti ukatu izan ‘gara gatazkari irtenbidea emateari’ buruz hitz egiteaz” edota “ez da matxista, ezta diskriminatzailea ere”.
(Auzo)lotsa.
Zertarako balio du martxoaren 8an kaleak betetzera edota grebara batzeak, baldin eta egunerokotasunean berdintasun politikak sustatzetik urrun, zapuztuko badituzte? Euren jarduna parekidea ez bada? Lan feminizatuak, erresidentzietako langileak edota etxez etxeko laguntza zerbitzuak kasu, egoera prekarioan azpikontratatzen jarraituko badute? Alardeak ateratzen diren aldiro emakumeon* parte hartzea, kantinera izateaz gain, bermatuko ez badute? Alarde diskriminatzailea babesten jarraituko badute?
Politikoki zuzena izatea gauza bat da eta bestea gardena izatea. Ez du balio egun zehatz batzuetan, martxoaren 8an edota azaroaren 25ean esaterako, diskurtso bat izateak eta eguneroko praktikak, ekintzek, beste gauza bat erakusteak. Aldiz, badirudi batzuentzat denak balio duela, baita hipokresiak ere.
Horrelakoetan pentsatzen dut egun puntualetatik haratago egunerokotasuna elikatu eta baloratu behar dugula. Efemerideen gainetik jardunak balioetsi behar ditugu, ezin dugu izena gurtu izanaz ahaztuta. Finean, ezin zaio azala gailendu mamiari.
Horrexegatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkizuet egun hutsalak huts bihurtzetik urrun, egunerokotasunean diharduzuen guztioi. Biba zuek!