Badira 10 urte

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Ubeda 2019ko ots. 19a, 13:56

Adinekoen egoitza berria iragarri dute Foru Aldundiak eta Matia Fundazioak. Kalezarren eraikiko dute, garai bateko mojen komentuaren lur eremuan. Berritzailea izango dela azpimarratu dute. Aitzindaria. Eredugarria.

Azken urteotan oharkabean igaro da gaia, baina adinekoen egoitza eraikitzeko egitasmoa aspalditik datorren kontua da. Serorek Casa Miravalleseko komentua utzi zuten garaikoa. Badira 10 urte. “Kalezarreko mojak joan egin dira herritik”, halaxe genion 2009ko azaroaren 6an plazaratu genuen aldizkarian.

XX. mendean, Miravalles etxea ikastetxe izan zen. “Oso zorrotzak ziren moja hauek baina ongi prestatuak ateratzen ziren bertatik pasatakoak”. Halaxe zioen Maider Makazagak, Kalezarreko gure kronistak.

Azken urteetan ordea, komentuan ez zen eskolarik ematen eta erretiroko etxe gisa baliatzen zuten. ‘Gizakia Helburu’ taldearen egoitza ere bazen baina zerbitzu hori Matia Fundazioak kudeatzen zuen.

2009ko azaroaren 6ko NOAUA!k bestelako xehetasunik ere eskaintzen zuen: “Mojen etxea izan dena, zahar egoitza berrian bilakatuko da. Egokitze-lanak iraun bitartean, herritik kanpo izango dira. Ondoren, erresidentzia berria bukatzen dutenean, itzultzeko aukera izango dute”. Agindutakoaren kontra, ‘egokitze-lanek’ oso luuuuze jo dute. Mojak joan ziren, eraikina eraitsi zuten eta geroztik zelaigune hesitu bat izan da komentua eta ingurua. Zaintzaren premian dagoenak ordea, ez du epeez ulertzen. Etxean menpeko adineko bat duenak (edo izan duenak) ederki asko daki hori.

2021erako amaituko dute egoitza berria. Halaxe agindu dute Foru Aldundiak eta Matia Fundazioak. Asmatuko ahal dute oraingoan.

Serorak gora serorak behera, joan den asteko iragarpenean ez zuten euren kongregazioaz ezertxo ere esan. Ez dakigu berriro bueltan ekarriko ote dituzten. Jainkoak beste egoitza baten bidean ipiniko zituen akaso. Auskalo. Usurbilgo nahiz Buruntzaldeko herritar askok gogotik eskertuko dute albistea. Egoitzarena aspaldiko aldarrikapena baita. Jubilatuek eta pentsiodunek behin baino gehiagotan nabarmendu duten moduan.