Don Shirley pianojolea aski ezaguna da New Yorken eta Etxe Zurian aritutakoa da. Bide berriak urratu eta zale berriak bereganatu nahi ditu ordea. Mugak apurtu. Merkatua zabaldu. Nonahi libre sentitu. Baita beltzentzat hain arrotzak diren hirietan ere. Birari ekin aurretik Don Shirleyk badaki ondo neurtu beharko duela urrats bakoitza. Bere azalaren koloreagatik, AEBeko hegoaldean seguruak diren ostatuetan egin beharko du lo. Horretarako, ‘Liburu Berdea’ delako gida jarraitu beharko du. Beltzak ongi etorriak diren ostatuen zerrenda dakar liburuxka horrek. Hortik filmaren izenburua.
Aurreikusi zitekeen bezala, xenofobia pasarte askoren ispilu da filma. Amaiera txit hollywoodiarra du hala ere (hori ere, zine aretoan sartu aurretik aurreikusi genezakeen). Aktoreen lana ona da, istorioak badu mamia eta filmak erritmo egokia du. Zapore onarekin atera ginen zine aretotik.
Etxera bidean, kalkulu azkar bat egin nuen. Protagonistak nire aita zenaren garaikideak ziren. Beraz, ez dira hain aspaldiko kontuak. Nire kasuan, belaunaldi bateko aldea baino ez dago.
Eskubideen arloan asko aurreratu bada ere, lan handia dago egiteko oraindik. Azkenaldian ordea, haizeak iraganaldetik jotzen du. Eta niri gaurko korronte asko ulertzeko gakoak falta zaizkit. Ziurtasun apurrak urtzen ari zaizkit eta bogan diren mugimendu asko ulertu ezinik nabil.
Egindako kalkulu azkar horrek gainera ez nau lasai uzten. ‘Green Book’ liburuko protagonistak nire aita zenaren garaikideak ziren. Duela 50 urteko lorpen horien aldamenean, intolerantziak askoz erro sakonagoak dituela konturatu naizelako. Hain segurutzat nituen kontu asko hain hauskor ikusten ditut orain...