Bingo. Alaba jaioberriarekin batera paseatzen dugunetik maiz akordatu gara gure lagunaren profeziarekin. Ezagunak, erdi-ezagunak eta guztiz ezezagunak direnak. Ez dira gutxi egunotan hurbildu zaizkigunak. Bitxia da jaioberriak sortaratzen duen interesa. Gure alde samurrena pizten du, eta polita da. Beste arlo askotan gizagabe hutsak garelako ziurrenik. Kasu denetan antzekoak dira galderak edota aipamenak. Aurreko batean ordea, umea ezagutzera hurbildu zen emakume baten galderak jokoz kanpo harrapatu gintuen: “Osakidetzan edo ospitale pribatuan eduki al duzue?”. Andatzako puntan elefante afrikar batekin topo egin izan bagenu, antzeko aurpegia ipiniko genukeela uste dut. “Osakidetzan, Osakidetzan”. Emakumeak ospa egin eta gero konturatu ginen badela bizimodu paralelo bat. Bat edo hamaika. Eta artean badela osasun sistema pribatu bat. Eta ondorioz, izan badela ospitale pribatuetan erditzen duenik ere. Guztiz zilegi dena. Ez gara nor hautu horren alde egin duena epaitzeko. Ezusteko galderak osasun publikoari buruz hausnartzera eraman gintuen. Profesional handiak topatu ditugu Osakidetzan. Horretaz jabetu ginen. Erditu aurretik, erditzean eta erditu ondorenean. Ospitalean nahiz anbulatorioan. Emaginarenean edota pediatrarenean. Arlo denetan. Ondo zaindu beharreko eskaintza publikoa da. Hori ere ondorioztatu genuen. Baina ez dakit horren jabe ote garen. Osasuna eskubide unibertsala den aldetik, botere publikoei dagokie osasun maila hobea ziurtatuko duen zerbitzua eskaintzea. Azpiegitura onak ipiniz; bertako profesionalak zainduz. Modu egokian jardun daitezen. Itxaronaldiak murriztea bezain garrantzitsua baita gure osasunaz arduratzen direnak baldintza duinetan aritu ahal izatea. Are gehiago orain, Osakidetzako langileek salatutako erasoen kopurua handitu egin dela egiaztatu denean. Sarean topatu ditut datuok. 2018an, Osakidetzak 94.000 pertsona atenditu zituen egunero. Batez besteko bat da. 60.000 Lehen Arretan atenditu zituzten eta 34.000 ospitalean. Guztira, 16 milioi kontsulta baino gehiago egin ziren 2018an EAEn. Erasoena larria izanik ere, erabiltzaileen %95ak positiboki baloratu zuen asistentziaren kalitatea. Eta %60arentzat, arreta bikaina izan zen. Dagokionari: azken talde honetako erabiltzaileen ondoan ipini gure izen-abizenak.