Zenbatzen hasita, 21 dira Euskal Herrian jasoak izan diren oroigharriak. Asteasun Pello Errota, Leitzan Lasarte, Hernanin Txirrita, Oiartzunen Uztapide, Ahetzen Mattin, Bilbon Balendin Enbeita... “Bertso-harriak dira, bertsolaritzaren ondare fisiko eta sinboliko bat osatzen dute”, Koldo Izagirrek berak liburuaren hitzaurrean dioenez. “Harri horiek hartu ditut abiapuntu lan hau egiteko”.
Udarregik ere badu harri bat Usurbilen, pentsatzen hasiak izango zarete. Hala da. Remigio Mendiburu eskultoreak Udarregiren omenez egin zuen artelanak atal propioa du Koldo Izagirreren liburuan: Festa handia egin zuten hona ekarri nindutenean. Loreak, aurreskua, bertsoak... Nolako bertsoak!
Liburuari forma emateko garaian, hiru izan dira ibili dituen bideak. Narrazioa, bertsoa eta irudia. “Harriak berak dituzu mintzo: zenbat bertsolari, hainbat narratzaile. Eta batetik bestera hariak amaraunean”.
Fikzioa liburuaren lotune nagusia izanik ere, bertsoa bera izan da kontakizun askoren pizgarri. Eta bestetan, kontatutakoa izan da bertsoa eskatu diona. “Hau ez duzu antologia bat beraz, bertsoaren eta bertsolaritzaren historiaren zati anitzez egindako saioa baizik, hitzak bertsolaritzan duen adieran”, egileak aditzera eman duenez.
Harriak ez dira mintzo diren bakarrak. Argazki bidez, bertsolariei eskainitako eskulturak batu ditu liburuan. Koldo Izagirrek berak egin ditu argazkilari lanak.
Bertsolaritzaren historiaren zati bat islatu du bertsoz, irudiz zein fikzioz. Bertsolari bakoitzeko narrazio bana idatzi du. Hogeita bat kontakizun osatu ditu guztira. Bibliografia oparoa baliatu du horretarako: pasarte historikoak, datu errealak, bertsoak, pasadizoak... Fikzioaren bitartez josi ditu txatal denak.
Koldo Izagirreren Bertsoaren harria (Lanku) liburuak badu umoretik, badu historiatik, badu ironiatik, badu asmakizunetik. Zirto festa. Collage eder bat.