Gutxira jakin nuen benetakoa zela mezua; Iñigo Muguruzaren ahotsa itzalia zela. Asteburu osoa pasa dut albistea burutik ezin kendu. Ezustean datorrenean beti da latza kolpea. Are gehiago gertuko dutenentzat. Aspaldian kontaktua galdu samarra genuen arren, tristura lehor batek bildu ninduen aurreko ostegunean.
Musikaren mundu gorabeheratsu honek gauza ederrak ditu. Lagun ugari egiteko aukera eskaintzen dizu. Muguruzatarrak ezagutzeko aukera izan genuenean, arrakastaren uberan ziren Iñigo eta bere anaia Fermin. Hasi berriak ginen gu. Urte asko pasa dira geroztik. Bide ezberdinak urratu genituen gero, baina harremana eta elkarrekiko miresmena beti egon da bizirik.
Talentu handiko musikaria zen Iñigo. Eta alaia. Bibrazio onak eragiten dituen pertsona horietakoa. Irribarrea beti gertu. Hala oroituko dut.
Kontalari ona zen eta maiz baliatzen zituen film nahiz serietako irudiak edo esaldiak. Jantzia bezain apala zen. Behin baino gehiagotan arrakastaren gailurrera iritsi bazen ere, sekula ez zuen apaltasuna galdu. Izan ere, aparretan zaudenean hain da erraza harrotzea... Ez zen Iñigoren kasua. Eta hori zen hain miresgarria egiten zitzaidana.
Azken urteotan ez nuen Iñigorekin topo egiteko aukerarik izan. Bere anaien bitartez jakin nuen gaixorik zela. Eta gaixoaldiak eraginda, gaizki samar pasatzen ari zela.
Ezin osatu zebilela jakin arren, berari deitzeko astirik ez nuen hartu. Zer moduz zaude, Iñigo? triste bat ere ez nion idatzi. Pena dut orain.
Irungo musikariaren inguruko artikuluak eta idatziak irakurtzen pasa ditut azken egunak. Markos Zapiainen iruzkin hau blog batean topatu dut: “Eritasuna baino askoz ere lehenagokoa zuen heriotzaren kezka. Beti sortu nahi izan zuen abesti bat bizitzaren eta heriotzaren arteko loturaz, eta arreta deitu zioten Joxan Artzeren bertso hauek:
Sortzean hasi bahaiz bizitzen,
sortzean hasi haiz ere hiltzen.
Taupadaz taupada bizten hoan heinean,
taupadaz taupada hoalarik
ere itzaltzen...
Eta horri zeritzagu bizitza.
Eta zergatik ez heriotza?”.
Zer diren gauzak. Poetaren ahotan topatu dut sosegua. Iñigoren heriotzak eragin didan aldarte eskasa arintzeko erantzunik argiena.