Bertatik bertara egonda ere, mezu labur bidez harremanatzen gara orain. Whatsapp belaunaldian bilakatu ote gara? Telefono deiak gero eta gutxiago egiten ditugu. Aurrez aurrekoari gero eta beldur gehiago diogula dirudi. Horregatik, harrigarria bezain deigarria egin zitzaidan duela gutxi jaso nuen proposamena. Donostiako Tabakaleratik esperimentu moduko batean parte hartzera gonbidatu ninduten. Labur esanda, hau zen proposamena: ezezagunak zaizkidan pertsonekin mahai baten bueltan elkartu, 20 bat minutuz solasean aritzeko xedez.
Giza liburutegia, sorkuntza askatasunean? izenburupean, sorkuntza arloko hainbat lagun batu ginen Tabakaleran. Zinegileak, idazleak, kantariak... 12 bat “sortzaile” elkartu ginen, Bakeolak eta Donostiako Kultura Garaikideko Zentroak elkarrekin antolaturiko ekitaldian.
“Giza liburutegia” delako kontzeptua Kopenhaguen sortu zen 1993. urtean. “Ezagutza eta esperientzia partekatuen bidez, elkarrizketa eta ezaguera suspertu nahi duen mugimendua da”, antolatzaileek aditzera eman zigunetez. “Egungo bide berrien aurrean, proiektu hau pertsonetan eta beraien bizipen, esperientzia eta ezagutzaren bidez sortzen diren harremanetan oinarritzen da”.
Giro goxo batean, eta 20 bat minutuz, hiruzpalau lagunekin solasean aritzeko aukera izan genuen. Sortzaileak eta entzuleak, aurrez aurre, bizipenak eta esperientziak elkar trukatzen. Hiru txanda ezberdinetan hartu nuen parte. Txanda bakoitzean ezberdinak izan ziren entzuleak baina denetan jarrera berbera errepikatu zen: hurkoa errespetuz entzun eta entzundakoari segida eman. Mahai baten bueltan, sortzaileak eta entzuleak parez pare, denak maila berean.
Gai jartzaileak bertsolariei nola, hau izan zen ipini ziguten abiapuntua: sorkuntza askatasunean? Hitz gutxitan, “indarkeriak garaian, sortzeko izan (edo izaten ditugun) baldintzen inguruan jardutera gonbidatu gintuzten: presioak, jazarpenak, zentsurak, autozentsura, bazterketa, beldurrak, kontraesanak...”.
Gaiak joko asko eman zuen eta sortzaileen profilak diferenteak zirenez, solasaldiak ere anitzak izan ziren. Dena den, formatua bera izan zen aipagarriena nire ustez. Bere sinpletasunean, honetaz eta hartaz jarduteko aukera eskaintzen du. Telefonoak itzali eta gehiagotan elkartu beharko genuke, mundu birtualeko lagun ezezagunok.