Literatur txinpartak nonahi agertu ohi zaizkigu. Baita abestietan ere. Asko eta asko baitira literaturtasun maila handia duten kantugileak.
Kantariaren edo artistaren deitura baino, egilearen obra da Jon Basagurenen arreta erakarri ohi duena. Halaxe aitortu zidan orain gutxi, beste hedabide baterako izan genuen solasaldian. “Kantak dira hunkitzen nautenak. Artistak baino gehiago. Musika eta hitzaren arteko uztarketa, osotasun hori, kantek bakarrik dute. Hori da gehien erakartzen nauena rock edo pop mundutik”.
Jon Basaguren Euskadi Irratiako esataria izateaz gain, Izaki Gardenak taldeko kantaria da. Abestiak osatzeko garaian, berak ere arreta berezia jartzen du letra bakoitzean. “Lehen doinuan zentratzen nintzen. Baina orain buelta izugarriak ematen dizkiet hitzei. Gero eta gehiago. Disko bakoitzean gero eta garrantzia handiagoa hartu dute hitzek eta akaso beste zerbait sakrifikatu dugu bidean”.
Zaleentzat, euren gustuko kantariak erreferente garrantzitsuak dira, buruz dakizkite kantetako hitzak. Jon Basagurenen ustez, hori “kanta borobiltzen duen zerbait da; zirkulua ixten du nolabait. Nik sortzen dut beste norbaitengana iristeko helburutxoarekin, bestela gorde egingo nuke dena tiradera batean. Norbaitek Izaki Gardenaken abestiren bat edo esaldiren bat bere egiten badu, honek guztiak zentzua hartzen duela uste dut”.
Irismena gero eta handiagoa, orduan eta zailagoa da presioari izkin egitea. Jon Basagureni ordea, pizgarria zaio ardura hori. “Aurri gara (2015) diskoarekin jende batengana iristea lortu genuen”. Disko berri bat prestatzeko garaia iritsi zenean, “sentitzen nuen bazegoela jende bat gure disko berri bat entzuteko gogoz. Horrek lanean jarraitzeko indarra ematen zidan, gauzak hobeto egiteko grina. Entzule batzuk gure disko berria entzuteko gogotsu zeuden eta horrek nire motibazioa handitu egin zuen”.
Aldarte horretan sortu zituen Dena oskol (2018) diskoko kantak. Eta ez zebilen oker. Izaki Gardenak taldeko zaleak zain zeuzkan. Gogotsu hartu dituzte abesti berriak. Euren zuzenekoak dira horren erakusgarri; gero eta jendetsuagoak baitira.
Izaki Gardenak taldea ez baduzu zuzenean ikusi oraindik, erremedio erraza duzu. Igande honetan Sutegin arituko dira, NOAUA! Kulturaldiaren baitan. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da kontzertua. Egungo talde interesgarrietako bat gure artean. Bertatik bertara. Ez zaizu damutuko.