Artikulua irakurtzen hasi orduko, bestelako kutsua sumatu diot ingeles jatorriko hitz jokoari. Ez baita marketing bulego batek asmatutako leloa. Alderantziz. Greenwashing delakoa talde ekologistak baliatzen ari dira, multinazionalen itxurakeria agerian uzteko.
Madrilgo goi bileran, 200 bat herrialdetako gobernuek hartu dute parte. Bilkura urtero egiten da eta nazioarteko agintari eta aditu ugari batu ohi da bertan. Hori dena antolatzeko, babesleen ekarpena ezinbestekoa da. Madrilgo kasuan, Endesa eta Iberdrola izan dira laguntzaile nagusiak. 2018an, berotegi gasen isurketa gehien eragin zituzten 10 enpresen artean zeuden biak. Hori gutxi balitz, erregai fosiletan milioika euro inbertitzen dituzte biek ala biek. Horra greenwashing zer den azaltzeko adibide argigarri bat. Aurpegi garbiketa agerikoa.
Beste multinazional batzuk publizitate kanpaina harro samarrak egin dituzte Madrilgo goi bilerak iraun duen bitartean. Coca Colak, esate baterako, kanpaina bitxia burutu zuen. Hiriko bus geltoki guztietan kartel hau ipini zuen: elkarrekin ez badugu birziklatu behar, ez erosi Coca Cola. Txikikeria bat aipatzea ahaztu zitzaien. Merkaturatzen dituzten plastikozko botilak ez direla guztiz birziklagarriak. Talde ekologistei esker jakin dugu: Coca Colaren plastikozko ontzien birziklagarritasuna %25ekoa da gaur egun. Elkarrekin ez badugu birziklatu behar, ez erosi Coca Cola. To greenwashing! Ekologisten enbidoari, Coca Colaren hordagoa: 2022rako, %50ekoa izango da plastikozko ontzien birziklagarritasun maila. Pentsatzen hasita, oso esanguratsua da Coca Colaren kanpaina, eta kanpainaren harira egin duen iragarpena. Batzuk eta besteek epe luzerako promesak eginez limurtzen gaituzte. Horrela doaz urteak, horrela hamarkadak. Bien bitartean, mundu mailako berotzea goruntz doa etengabe.
Hau idazten ari nintzela, Google bilatzaile ahalguztidunean murgildu naiz eta greenwashing-en euskarazko aldaera egoki bat topatzen saiatu naiz. Aurpegia dute, gero! esamoldea irakurri dut hiztegi batean. Ba horixe bera.