Salbuespenak badira, ordea. Gauzak ilun samar ikusten dituenari Kike Amonarriz eta bere mezu itxaropentsuak aholkatuko nizkioke. Dosi txikitan onuragarriak dira, eta ez dute albo-kalterik eragiten.
Kontuak kontu eta salbuespenak salbuespen, bat baino gehiago dira transmisioarekin kezkatuta dabiltzanak. Ez da berria. Aurreko eta ondorengo belaunaldien arteko katebegia apurtuko den beldur dira. Ez zaie arrazoirik falta. Mundu global honetan, gero eta zailago dago nortasun ikurrei eustea. Eta kutsadura kulturala zein linguistikoa neurtu, zaindu eta kontrolatzeko sarerik ez dugu. Oraingoz ez behintzat. Joxe Azurmendi pentsalariak aspaldian azaldu zuen bezala, gure herria pobrea da / ez dauka pirata koxkor pare bat / langile sofritu batzuk,/ muga zentzugabe asko, /mila zorigaizto / besterik. Ez da gutxi. / Euri gortina batek ixten du / gure kalendarioa. / Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen /liburu handietan gure inperiorik.
Aurreko batean, Daniel Scott argentinar euskalduna elkarrizketatzeko aukera izan nuen. Bertsopayakopla liburua plazaratu berri du (Laurok liburudendan aurkituko duzue) eta hemengo nahiz hango inprobisazio jarduerez luze zabal aritu ginen hizketan. Hausnarketatik beste du sormenetik bere liburuak. Solasaldiaren une batean, hauxe aitortu zidan: “hemen dimentsio handiagoa du bertsolaritzak. Batez ere gazteen artean. Bertsozale gazte asko dago hemen eta hori ez da horrela gertatzen Argentinan”. Bere sorterrian, koplek eta payadek dituzten jarraitzaileen profila beste bat dela adierazi zidan. “Euskal Herrian, bertsolaritzaren tradizioa oso zaharra da baina garai berrietara egokitzen jakin du. Doinuak ere berritzen dituzte. Hori oso ona da”.
Hain agerikoa izanik ere, oso argigarria egin zitzaidan bere hausnarketa. Zer pentsatua eman zidan. Lehen esan dut. Gutxi gara, gutxi garenez, eta oso gertutik bizi ditugu “gure gauzak”. Ganoraz eta patxadaz ikusteko, gertuegi seguruenik. Alegia, akaso ez dugula hain apokaliptiko agertzeko arrazoirik, ezta?