Esango nuke txirrinduzale elkarteak izan zirela borroka hau hasi zuten lehenak. Denbora luzez aldarrikatu dute bizimodu jasangarriago bat izateko aukera.
Talde ekologistak ere bateratsu hasi ziren ohartarazten. Autoak kutsatuta bizi ginela. Ez zela sanoa. Jasangaitza zela zarata eta kiratsa.
Troiako malda pareko semaforoa martxan ipini dutenetik, lasaitu ederra hartu dute hortik oinez, korrika edo bizikletan igarotzeko ohitura dutenek
Ezarritako ordenari aurre egitea baina, ez da batere erraza. Sustrai sakonak dituzte inertziek. Baita gure eguneroko jardunean ere. Txikierdiko puntu beltzari erreparatzea besterik ez dago. Duela hiru urte ezinezkoa zirudien. Gaur, bertatik igarotzen diren herritarrak seguruago dabiltza. Troiako malda pareko semaforoa martxan ipini dutenetik, lasaitu ederra hartu dute hortik oinez, korrika edo bizikletan igarotzeko ohitura dutenek. Albiste ona. Puntu beltzen mapan, oztopo bat gutxiago. Tren-pasabidearen arriskuak ordea, hor jarraitzen du. Troian barrena Zubietatik Usurbilera (edo Usurbildik Zubietara) oinez, korrika edo bizkletan zetorrenak bi oztopo zituen lehen. Bakarra du orain. Bada zerbait.
Hala eta guztiz ere, beste elementu garrantzitsu bat falta da oraindik: bidegorria. Egunotan, Txikierdi eta Kalezar arteko bidea itxita egon da bidegorri-sarea handitzen ari direlako. Gaitzerdi. N634 errepideko arriskutik salbu, Txikierdi eta Usurbil arteko zatia bizikletaz osatzeko modurik izango ahal da inoiz... Auskalo, palazioetako kontuak beti mantso.
Bien bitartean, oinezkoek zorioneko izateko beste arrazoi bat dute. Aste honetan jakin dugunez, Mikel Laboa eta Artzabal arteko bidea oinezkoentzat izango da. Autoak kaxkotik gero eta urrutiago egongo dira. Udalak prozedura administratiboa martxan jarri du jada. Laster hasiko dira berrurbanizazio lanak. Egia izango da, beraz: autoen diktadura amaitzear da.