Lehenxeago amari eta izebari deitu diet, erosketak egitera nindoala eta ea zerbait behar ote zuten. Biak adinduak dira, 80tik gora urte dituzte. Eta bakarrik bizi dira biak.
Ez dut ilararik topatu baina goizetan jendea kanpoan egon ohi da zain. Erosle kopurua mugatu egin dute eta itxarotea tokatzen da. Fruten eta barazkien atalean emakume edadetu batekin egin dut estropozu. Maskarila du jarria. Aztoratu egin da pixka bat. Barkatu, ez naiz konturatu. Ez dit erantzun eta aldendu egin da. Distantziak mantendu nahi dituela jabetu naiz. Ez nau molestatu. Beldur da, guztiok bezala.
Yogurrak, arrautzak eta komuneko papera falta dira. Saltzaileari galdetu diot eta bihar direla iristekoak. Ados.
Gainontzeko guztia ondo hartu dudala uste dut. Ordaintzera noa. Lurrean hainbat marra gorri. Metroko distantzia errespetatzeko mezua dauka itsatsita marra bakoitzak.
Pagatu berritan, dendariaren bigarren ohartarazpena: “jaso ezazu tiketa. Ertzaintzak edo Udaltzaingoak eskatzen badizu eta eskura ez baduzu, isuna jaso dezakezu”. Eskerrik asko. Kalera atera eta isiltasun mortala. Txoriak dira egun hauetako soinu banda. Egoera hain aldrebesa ez balitz, ederragoak lirateke txorien kantak nire belarrietara.
Autoa hartu eta Tolosara abiatu naiz. Arratsaldeko 19:15 dira eta trafikorik ez da apenas.
Iritsi naiz, aparkatu dut eta amaren etxera igo naiz. Atea zabaldu dut eta Ama, bi metrora badaezpada. Eta irri egin diogu elkarri. Astebete da ikusi ez dudana eta ez diot Kaixo ama, zer moduz zaude?-rik esan. Ama, bi metrora badaezpada lehor bat bota diot. Ondo dagoela esan dit gero. Lasai eta sano, baina asper-asper eginda. “Lecturasa ere ekarri didazu!”.
Ea gu ondo gauden eta baietz. Umearen bideo batzuk ipini dizkiot mobilean eta barre egin du gogotik. “Ze espabilatua dagoen!”. Eta begira argazki hau ama, zuk oparitutako petoa oso ondo geratzen zaio. “Ze ume ederra”, eta begiak bete zaizkigu bioi. Beno ama, izebarengana noa. “Eskuminak eman”.
Despeditu ere ez gara egin. Anaiak kargu hartu izan digu eta Badaezpada muxurik eman gabe joango naiz, ama. Zaindu eta besterik behar baduzu, eskatu lasai.
Amaren etxetik gertu bizi da izeba eta oinez egin dut bidea. Gazte bat ikusi dut, zakurra paseatzen. Hola tía, ¿qué tal? Por si acaso, a dos metros. Salako atean geratu da eta ni atarian. “Ya te he dicho que no vinieras. Bueno, gracias de todas formas. Tengo de todo pero no me quedaba fruta. ¿Qué tal la niña?”. Mobila atera dut. “Espera que me ponga las gafas. ¡Pero qué guapa! ¡Que me la como!”. Presaka nabilela, kotxea hartu dudala aprobetxatuz anaiarengana ere joan nahi dudala, eta ospa egin dut.
Joniren etxe azpira iritsi naizenean, jende asko zegoen leihoetan eta balkoietan txaloka. Ohitura bihurtu da dagoeneko. Aparkatu eta mezu bat idatzi diot. Hemen naiz. Berehala jaitsi da. Autora hurbildu eta bi hitz egin ditugu. Ezin izan ditut ilobak agurtu. Ur eta Xune ondo? “Ufa, elkar mokoka pasa dute arratsaldea. Hala ere, oso ondo ari dira portatzen. Beno Ima. Banoa, bizilagunen batek atentzioa deitu aurretik. Badakizu, batzuk berehala hasten dira oihuka”. Serio? Elkarri bostekorik eman gabe alde egin du. Autoan sartu eta etxerako bidea hartu dut. Isilik egin ditut hainbat metro. Nire buruari ozen esan diodan arte: Baina zer da hau?