9:30 Kirola egiteko giro ederra dago. Santueneko zubiaren ondoan jende ugari batu da: batzuk korrika, gutxi batzuk ipar-martxa egiten; mendiko biziketan nahiz errepidekoan; patinetan edota oinez... Santueneko sarrerak ‘Km0’ baten itxura du. Batetik, Aginaga-Mapil aldetik datozenak. Eta bestetik, Usurbil aldera doazenak. Zubietarako errepidean ere lagun asko dabiltza joan-etorrian. Gure begien aurrean, bi txirrindulari abiatu dira San Estebango bidean gora.
Santueneko semaforo ondoko bus geltokian kuadrilatxo bat batu da. Aspaldian ikusi gabeko lagunak dirudite, berriketa atseginean. Egun hauetan bideo-deiak nahiz telefono bidezko solasaldiak ugari izan badira ere, aurrez aurreko topaketa baten parekorik ez da. Bistan denez. Inguruari begiratzeari utzi eta guk ere Zubietarako bidea hartu dugu.
9:35 Amiri ondoan gaude. Egun batzuk lehenago, presako hotsa baino ez zen entzuten hemen. Orain kirolarien arnasestuekin nahasten da presaren burrunba atsegina.
9:37 Etxetxo parean jabetu gara: sagastiak loretan dira. Maiatza hemen da.
9:39 Alkortaenea inguruan gizon bat ikusi dugu egurra puskatan ebakitzen. Negurako prestatzen hasiak ote dira?
9:40 Iturritxon eta Bide-Ondon, karabanak errepide bazterrean aparkatuta. Geldi. Asfaltora noiz itzuliko diren zain.
9:42 Lizarraga baserrira iritsi gara. Larunbata da baina beharginek lanean segitzen dute. Berritze lanak oso aurreratuta dituzte. Txukun geratzen ari da.
Errepidearen bestaldean lurra goldatzen ari dira. Traktoretxo batekin ari da baserritarra.
9:44 Errepidea utzi eta Zubietako “kaxkoan” murgildu gara, bidegorriari jarraituz. Errepideko zikloturistarik gabe, askoz lasaiago dago bidea orain.
Zubietako Haur Eskolako jolas-parkea belarrak janda dago. Aldameneko baratzeak, ordea, oso itxura ona du. Tomatea, baina, porrua, tipulina, uraza... Uzta polita datorkie.
9:45 Alamandegin geldialditxo bat egin dugu. Covid-19 birusaren aurreko garaian, baten bat terrazan egongo zen ikusmiran. Errebote plazako petrilean, bestela. Orain, ostatutako ateak itxita daude eta Errebote plaza inguruan ez dago inor.
9:50 Hipodromorako bidean, oinezkoak dira nagusi. Laster amaituko zaie “kirola” egiteko lehen tartea. Iluntzeko 20:00etan hasiko zaie bigarrena. Astunen klubekoak apaltzeko balio badu, gaitzerdi.