David Byrne musikariak How music works liburua idatzi zuen orain urte batzuk eta hitzaurretik hartu dut pasarte hau. Ez du ezer berririk esaten, baina lerro gutxitan musikari buruzko kontu asko argitzen ditu.
How music works edo musikaren funtzionamendua konplexuagoa da ordea. David Byrne-k berak aitortzen du. Musika bezain funtsezkoak baitira musikaren ingurukoak. Garrantzitsua da nola izan den errejistratua, nolako soinukera duen, nork sortua edota nork interpretatua izan den, zein modutan erreproduzitzen den, nola banatzen eta nola saltzen den, noiz non eta norekin entzuten duzun... Eta hala ere, maiz misterio handia da musika. Kantagilearen jardunak ordea, mistikotik gutxi du. Errekara urre bila joatea bezala da. Ia gehienetan, galbahetik joaten da arratsalde osoan hartutako guztia. Eta berriro ekin behar. Ez dago besterik.
Azken asteotan, Mihiseren lehen diskoak gatibatuta nauka. Lehen aldiz entzun nuenetik, behin eta berriro itzultzen naiz Usurbilgo hirukotearen paisaia lehor eta sigi-sagatsuetara. Kronik@ izena du diskoak. 10 adar ditu baina enborra bat eta bakarra da. Sortu ere, hala sortu dute. 10 txatalez osatutako pieza trinko bat ondu dute. Kantek banaka ondo funtzionatzen dute. Baina era berean, osotasun handiago baten parte dira. Horren seinale da pultsuari ondo eusten diola hasieratik bukaerara. Ariketa artistiko gisa, ikaragarri konplexua iruditzen zait. Mihisekoek aise egin dutela dirudi. Urre bila abiatu ziren eta hamar pipitarekin itzuli dira. Ez zen bidaia erraza izango. Urre bila dabilenari galdetu bestela.
Mihiseren Kronik@-k disko kontzeptualen markoa duela esango nuke. Erabili duten kolore-paleta oparoa da, ordea. Erritmo jostariak eta hard kutsuko armoniak, taupada hipnotikoak eta pasarte aratzak, geruza ilunak eta ostarte melodikoak, teklatuen psikodelia eta noise gitarrak... Polikromia bat oihan beltzean. Bidea zabaldu nahian.
Eta berriz zaude zain, dio Mihisek lehen kantan. Iraganeko izuen itzulerak beldurtzen zaitu. Konfinamendu garaiko paseo luzeetan. Eta berriz zaude zain. Melodia lehorrak burmuinean, olioa mihisean nola. Eta berriz zaude zain, noiz askatuko zain. Diskoak habia egin du nire baitan. Inoiz ekarriko al dizu aitzakia, behingoz eraldatzen hasteko bizia, guztia? Misterio handia da musika. Egia da. Ateoenak ere badaki.