Afrikaren kontzientzia

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2022ko urt. 12a, 09:56

Hegoafrikan segregazio arrazistaren kontra borrokatu zuen Desmond Tutú artzapezpikua hil da Lurmuturreko Hirian. 90 urte zituen. Minbiziak eragindako infekzio ondorioz zendu da. Une honetan bizitza publikotik erretiraturik bazegoen ere, azken unera arte mantendu zituen giza eskubideak         defendatzeko bere printzipioak. Hegoafrikako presidentearen esanetan “lider espiritual handi bat izan zen, Apartheidaren kontra eta oro har giza eskubideen aldeko aktibista aparta”.

1931n jaio zen; irakasle izateko ikasketak egin zituen aurrena eta gero teologia. Eliz anglikanoaren apezpiku ordenatu zuten 1975ean; berehala hautatua izan zen Hegoafrikako Elizen Kongresuko buruzagi. Hori plataforma bikaina izan zen bere borroka aurrera eramateko. 1984an Bakearen Nobel saria eman zioten. Leahrekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituen (Anglikanoen artean zelibatoa aukerakoa da).

Apartheid (bereizketa da bere esanahia) sistemak 1992ra arte iraun zuen. Leku bereiziak sortu zituzten arraza ezberdinentzat eta botoa emateko eskubidea  zuriek bakarrik zuten. Zurien eta beltzen arteko ezkontza debekatua zegoen. Beltzak zurien esklabo izan ziren hiru mendeetan zehar. Praktikan zuriak beltzen jabe bihurtu ziren.

Bidegabekeria giro honetan, Desmond Tutúren jarrera garbia izan zen. Ez zen kontent “jabe sentitzen zenaren mahaitik erortzen ziren papurrak jatearekin, giza eskubideen menu osoa” eskatzen zuen. Borroka jarrera horrek adierazten du Mandelarekin izan zuen harreman estua. Hegoafrikako lehen Presidente demokratiko aukeratua izan zenean, Tutú artzapezpikua jarri zuen Egiaren eta Berradiskidetzearen Komisioko buru. Bere lana izan zen ikertzea segregazio sistemaren eta etnien arteko biolentziaren krimenak. Mandelaren ondorengo gobernua ustelkeriaz beterikoa izan zen eta Tutú bere zigor bihurtu zen segituan. 

Giza eskubideen aldeko lan horretan beste arlo batzuetan ere  saiatu zen tinko: homosexualitatea eta transexualtasuna  zeresanik ez, erasoak zeuden Hegoafrikan. Beren defenda–tzaile sutsua izan zen. HIESa izurrite latza izan zen Hegoafrikan eta Tutú preserbatiboak zabaltzearen alde zegoen. Gaixoak duintasunez hil daitezen eutanasia defendatzen zuen.
Euskal Herrian ere arrasto handia utzi zuen lider hegoafrikarrak. Bake prozesuaren laguntzaile izan zen, eta 2014an ETAk desarmatzean emandako urratsak txalotu egin zituen.

2008an René Cassin (baionarra zen eta Bakearen Nobel saria eskuratu zuen 1968an) saria eman zion Eusko Jaurlaritzak. Fermin Muguruza musikariak ere penaz hartu du lider espiritualaren heriotza eta 1985.urtean Kortatu taldearekin batera eskaini zion kantuaren inguruan hitz egin du. “Desmond Du” izena du abestiak, eta musikariak sareetan adierazi duenez, haren borrokari eskainia da.

Gizon kozkor (1,68) hura, beti irribarretsu eta purpura koloreko sotana gisako bat jantzita, abusu klase guztiak etengabe salatu zituen. Nazismoaren aurka borrokatu zuen Dietrich Bonhoefferrengan inspiratu zen. Honek esaten zuen: “etikarik gabeko erlijioa akabatua dago”. Urkatua izan zen Hitlerren garaian. Bere Eliza Luteranoa ere oso gogor kritikatu zuen, erakunde  erlijioso hori isildu egin baitzen nazismoaren aurrean.

Desmond Tutúren esaldi ezagunena izango da agian honako hau: “egoera bidegabeetan neutrala bazara, zapaltzailearen aldea aukeratu duzu”. Frantzisko Aita Santuaren hitz batzuekin bukatu nahi nuke gogoetatxo hau: “arrazen berdintasunaren eta berradiskide–tzearen promozioan saiatu zen etengabe”.