Santueneko Gure Elkartearen taberna, esleipen prozesuan

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 5a, 09:49

Santueneko Gure Elkartearen tabernak eskaintzen duen zerbitzua esleitzeko prozesua abiarazi du Usurbilgo Udalak.

Astelehen honetan hasi eta uztailaren 23ra arteko epea egongo da eskaintzeko aurkezteko. Eskabideak telematikoki bideratu beharko dira, usurbil.eus atariko "Kontratatzailearen Profila" atalean. "Interesa dutenek, beraz, beharrezkoa izango dute B@KQ txartela edo identifikazio digitalerako beste sistemaren bat edukitzea edo ateratzea. Edozein zalantza izanez gero, udaletxean galde dezakete edo 945 016 298 telefonora deitu", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Esleipen prozesua martxan dagoen artean taberna itxita izango dela berri eman dute udaletxetik. "Barruko aldea hustu eta garbiketa sakon bat egiteko aprobetxatuko du udalak", iragarri dute.

Taberna bere horretan asteotan itxita egongo den arren, "jubilatuen egunerokoan duen garrantzia tarteko, egunero zenbait orduz irekitzeko aukera eskaini die udalak. Hala, eurak arduratuko dira egunero zenbait orduz irekitzeaz, 17:00etatik 20:00etara. Udalak mahaiak, aulkiak eta behin-behineko kafe makina bat utziko dizkie". 

Santueneko Gure Elkarteko tabernako zerbitzua esleitzeko prozesua aurreikusi baino hilabete batzuk beranduago abiarazi dute. "
Iaz amaitu zen esleipena, baina Covid19-a tarteko, eta tabernaren funtzio soziala aintzat hartuta, kontratua zenbait hilabetez luzatzea erabaki zuten, behin-behinean. Kontratua ekainaren 30ean amaitu zen, ordea, eta esleipen prozesua abiatu du udala: uztailaren 23ra arte izango da eskaerak aurkezteko epea".