Santueneko Gure Elkarteko taberna kudeatzeko esleipen deialdia martxan berriz

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 17a, 10:12

Uztailean eginiko deialdia bertan behera geratu ostean, esleipen prozesua berriz martxan jarri du Usurbilgo Udalak "presazko prozeduraz". Ostegunera arteko (abuztuak 19), tartea dute interesdunek eskaintzak aurkezteko. 

Eskabideak telematikoki bideratu beharko dira, usurbil.eus atariko "Kontratatzailearen Profila" atalean. "Interesa dutenek, beraz, beharrezkoa izango dute B@KQ txartela edo identifikazio digitalerako beste sistemaren bat edukitzea edo ateratzea. Edozein zalantza izanez gero, udaletxean galde dezakete edo 945 016 298 telefonora deitu", ohartarazia du Usurbilgo Udalak.

Esleipen prozesua izatez uztailean jarri zuen martxan Usurbilgo Udalak. Prozesua amaitu artean taberna itxita izango dela berri eman zuten udaletxetik. "Barruko aldea hustu eta garbiketa sakon bat egiteko aprobetxatuko du udalak", iragarri zuten. 

Taberna bere horretan asteotan itxita egongo den arren, "jubilatuen egunerokoan duen garrantzia tarteko, egunero zenbait orduz irekitzeko aukera eskaini die udalak. Hala, eurak arduratuko dira egunero zenbait orduz irekitzeaz, 17:00etatik 20:00etara. Udalak mahaiak, aulkiak eta behin-behineko kafe makina bat utziko dizkie". 

Santueneko Gure Elkarteko tabernako zerbitzua esleitzeko prozesua aurreikusi baino hilabete batzuk beranduago abiarazi zuten. "
Iaz amaitu zen esleipena, baina Covid19-a tarteko, eta tabernaren funtzio soziala aintzat hartuta, kontratua zenbait hilabetez luzatzea erabaki zuten, behin-behinean".