6,7 kilometroko ibilbidea nahi edo ahal den erritmoan baina ordubete baino lehen osatzea eta hurrengo orduan gauza bera egitea, eta hurrengoan, eta hurrengoan... Nekatu arte edo ordu hori gainditu arte. Horretan datza, datorren udaberrirako Santuenean antolatzen ari diren "Ibai-ondo Backyard" erronka. Munduan barrena hedatzen ari den ekimen berri hau, Euskal Herrira, antolatzaileek duten informazioaren arabera, estreinakoz Santuenera helduko da 2025eko apirilaren 12ko asteburuan.
Ehun lagunentzako lekua egongo da. Bi fasetan bideratuko dute inskripzioa. Hasteko, gaurtik, azaroaren 18tik 24ra usurbildarrek eman ahalko dute izena. 25 lagunentzako lekua erreserbatu dute. Gero, abenduaren 2tik aurrera edonor apuntatu ahalko da, 100 plazak bete arte.
Erronka honetan parte hartzeko backyardibaiondo@gmail.com helbidera idatzi beharko da. Mezu horretan, norberaren izena eta bi abizenak, helbidea, udalerria, posta kodea, probintzia, telefono zenbakia eta posta elektronikoko helbidea zehaztu beharko dira. Antolakuntzak parte hartzaileen aldetik jasotako emailen hurrenkeraren arabera erabakiko dira nortzuk izango diren parte hartzaileak eta parte hartzaileei jakinaraziko diete nortzuk izan diren onartuak, nortzuk ez, ordaintzeko modua adieraztearekin batera. Erronkako kide bakoitzak 35 euro ordaindu beharko ditu.
Ekimenaren aurretik, ibilbidea ezagutu eta hitzordu hau prestatze aldera, topaketa modukoa antolatu asmo dute Santuenean. Aurrerago jakinaraziko dute noiz. Adi, dagoeneko sare sozialetan jarrai ditzakezue ekimen honen nondik norakoak; Instagramen (@ibai_ondo_backyard) nahiz Facebook ("Ibai-ondo Backyard") sare sozialetan.
"Ibai-ondo Backyard"
Eguna: apirilak 12, 13.
Hasiera: apirilaren 12an goizeko 8:00etan.
Abiapuntua eta helmuga: Santueneko frontoia.
Ibilbidea: Santueneko frontoia, auzoa, Atallu eta erriberako bidetik Txokoalde lotuko ditu.
Distantzia: 6,7 kilometro.
Izen-ematea:
-Azaroak 18-24: usurbildarrek backyardibaiondo@gmail.com helbidean.
-Abenduaren 2tik aurrera: nahi duen orok backyardibaiondo@gmail.com helbidean.
Dortsal kopurua: 100 lagunentzako tokia egongo da.
Zehaztasunak: 6,7 kilometroko ibilbidea ordubete baino lehen osatzean oinarritzen da erronka hau. Ordu hori gainditu arte edo nekatu arte segi ahalko da parte hartzen ekimenean.
Informazio gehiago:
-Instagram: @ibai_ondo_backyard
-Facebook: "Ibai-ondo Backyard"