Txokoalden urte hasieran grabaturiko filma, Sitgeseko zine jaialdian ikusgai

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 08:26

"Ventajas de viajar en tren" Aritz Moreno zinemagile donostiarraren estreinako luzemetraia proiektatzen ari dira egunotan, Sitgesen ospatzen ari diren Kataluniako 52. Nazioarteko Zine Fantastikoaren baitan. Lerrootara ekarri dugu gaia, film honen hainbat sekuentzia urte hasieran Txokoaldeko Torrea eraikinean grabatu baitzituzten.

Urtarrila amaieran Txokoaldeko Torrea eraikinean, baita Gipuzkoako eta Nafarroako beste txoko batzuetan aritu ziren grabatzen. Antonio Orejudoren izen bereko liburuan oinarritua dago, Aritz Moreno (Donostia, 1980). Morenoren lehenengo luzemetraia azaroaren 8an helduko da zinemetara. Lehenago ordea, egunotan, Arrue, Sitgeseko zine jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da. Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Botet, Javier Godino, Gilbert Melki, Ramon Barea, Antonio de la Torre, Ingrid Garcia Jonsson, Daniel Horvath aktoreek parte hartu dute intrigazko film honetan.

Hala dio filmaren sinopsiak: "Senarrak burua erabat nahastua duela jabetu ostean, Helga Pato editore literarioa senarra psikiatriko batean ospitaleratu beharrean aurkitzen da. Trenez egiten duen itzulerako bidaian, ezezagun batek, bidaia girotzeko, "Nire bizitza azaltzea gustatuko litzaizuke?" galdetzen dio. Bera Angel Sanagustin da, klinika berean lan egiten duen psikiatra. Gaixoen idatzi eta kontakizunen bidez nortasun arazoak ikertzen ditu. Angelek inoiz kudeatu behar izan duen kasu kliniko bitxi eta okerrena kontatzen dio. Beste gauza askoren artean, zaborrarekin obsesionatua dagoen gaixo parainoko oso arriskutsua den Martin Urales de Ubedarena".


"Dantza", Zinemaldian saritua 
Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldea partaide izan zuen "Dantza" filma saritu zuten joan den Donostiako Zinemaldian. Urtebete lehenago Donostiako aipatu zine jaialdian estreinatuko ikus-entzunezkoak zinema aretoen saria jaso zuen.

Iazko abenduan aretoetan proiektatzen hasi ziren Telmo Esnalen filmak bestalde, azken asteotan Ipar Euskal Herrira jauzi egin du. Nazioartean Txilen ere proiektatu dute uda honetan.


"Oreina" nazioartean
2017ko udazkenean Aginagan eta Usurbilen grabatu eta iazko Donostiako Zinemaldian estreinaturiko filmak nazioartera jauzi egin du azken hilabeteotan. "Dantza" eta "Amama"-rekin batera, itsasoz bestalde, Txileko Viña del Marren ospaturiko euskal zine zikloaren baitan proiektatu zuten Koldo Almandozek zuzenduriko ikus-entzunezkoa uztailean zehar. Hilabete berean Bulgariako Nazioarteko Zine Jaialdian ere eskaini zuten. Azken aldian Uruguain ere proiektatu da. Azken asteotan, Mexikoko "Black Canvas Contemporary Film Festival" jaialdian. Marcella, Rabaten eta Berlinen ere eskaintzekoak omen dira.

Urte hasieran, Espainiako zine informatzaileen elkarteak Bilbon, Bilbao Arena Kirol Jauregian banatu zituen 2019ko Feroz Sarietarako ere izendatua egon zen "Oreina".

Irudiak: Txintxua Films.