Txokoaldeko tunelaren proiektua, jendaurrean berriz

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 23a, 12:12

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak jendaurrean jarri du berriz 30 egunez "Aginagako tunelaren eraikuntza-proiektua eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa".

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bigarrenez jarri du jendaurrean Txokoaldeko trenbidean eraiki nahi duten tunelaren proiektua. Abenduaren 22tik zenbatzen hasita, 30 egun baliodunez, "korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten gorabeherez, eta trazaduraren kontzepzio globalaz", abenduaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak ohartarazi duenez.  

Tarte horretan, "proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendearen eskura egongo dira, aztertu ahal izateko". Helbide hauetan:
-Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, - Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
-Usurbilgo Udalean.
-Interneteko www.euskadi.eus webgunean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuei buruzko informazioaren atalean: https://www.euskadi.eus/aginaga-tunel/web01-a2garrai/eu/

Egitasmo hau berriz jendaurrean jartzeko zergatia honela argudiatu du Eusko Jaurlaritzak. "Proiektuaren konplexutasuna eta hari zegozkion eranskin guztiak argitaratu gabe zeudenez, berriz ere jendaurrean jarri behar da, aurrekoaren pareko denbora-tartearekin. Aurreko ebazpena jendaurrean jartzeko epean aurkeztutako alegazio guztiak kontuan hartuko dira prozesu berri honetan". 

Txokoargiren eta Udalaren alegazioak
Hilabete hasieran auzoan bertan egin zuten agerraldi bidez iragarri zuten moduan, hobekuntza eskaera sorta aurkeztu dizkiote proiektu honi Txokoaldeko Txokoargi auzo elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea, Altzonazko zubia konpontzea, tren pasabidea ezabatzea, obararako bide alternatiboa eta etorkizuneko bidegorria eraikitzea, geltokia berreskuratzea edota ingurumen eragina murriztea galdegin zuten auzokideak eta udal ordezkariak batu zituen hitzorduak.

Erlazionatuak