Urriaren 3an

Trenbidea bikoizteko proiektuari buruzko informazio bilera Txokoalden

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 27a, 09:46

Txokoaldeko tunelaren obrei lotutako bilera deitu du Usurbilgo Udalak urriaren 3an, arratsaldeko 18:00etan Txokoaldeko auzo elkartearen egoitzan, Txokoargin.

Proiektuaren alegazioak eta Eusko Trenbide Sarearekin izandako hartu-emanak hizpide hartuta,Txokoaldeko tunelaren obra proiektuari lotutako bilera deitu du Usurbilgo Udalak, datorren astearterako, urriaren 3rako, arratsaldeko 18:00etan Txokoaldeko auzo elkartearen egoitzan, Txokoargin.

"ETS Eusko Trenbide Sarearen proiektuari zenbait alegazio jarri zizkion udalak, auzotarrekin landu ostean, asmo eta helburuekin bat egin arren, ez zeudelako ados obra planteatzeko moduarekin, eta zenbait hobekuntza egiteko eskatu zuten: besteak beste, N634 errepidetik Txokoalderako sarbidea egokitzea, zubia birgaitzeko konpromisoa hartzea eta tren zerbitzua berreskuratzea. Obrara iristeko bidea aldatzeko ere eskatu zuten, bide berri bat proposatzearekin batera, zeina etorkizunean Usurbil eta Orio lotuko dituen bidegorria izan daitekeen", azaldu dute Udaletik.

Hala, "datorren asteko bileran, ETS-ren trenbidea bikoizteko proiektuari aurkeztutako alegazioen eta izandako azken hartu-emanen berri emango diete Txokoaldeko bizilagunei".

Aurkezturiko hobekuntzak
Iragan urte amaieran, Usurbilgo Udalak eta Txokoaldeko bizilagunek hobekuntza sorta aurkeztu zioten, Eusko Trenbide Sareak tren zerbitzuen maiztasuna indartzeko egin asmo duen tunelaren proiektuari.

Eusko Trenbide Sareak (ETS) tren zerbitzuen maiztasuna handitu nahi du; ordu erditik hamabost minutukoa izatera igaro nahi du. Horretarako ordea, 1,2 kilometroko tunel bat eraiki asmo dute Olabarrieta-Illunbe artean, Txokoalde inguruan eta tarte horretan trenbidea bikoiztu, trenek gurutzatu ahal izateko. 30 milioi euroko egitasmoa, eta hiru urteko lanak. Hala jakinarazi zuten auzoan bertan, abenduaren 2an trenbide ondoan egin zuten agerraldian.

Udalak eta auzoko bizilagunek batera alegazio sorta aurkeztu zuten "hobetzeko asmoz" eta "Txokoaldek merezi du" eta. Argi zioten, "Txokoalderekiko begirunea eskatzen dugu, eta Usurbilekiko begirunea ere".

Sei dira nagusiki aurkeztu zituzten hobekuntzak: Txokoaldeko sarrera-irteerak hobetzea, Altzonazko zubia konpontzea, tren pasabidea ezabatzea, obrarako bide alternatiboa eta etorkizuneko bidegorria egitea, geltokia berreskuratzea eta ingurumen eragina murriztea.


Erlazionatuak