Herriko txokoez gozatu bai, baina zaintzeko deia

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 22a, 08:23
Argazkiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Udalerri honek dituen txoko ederrez gozatzen segi bai, baina zaintzeko deia egin du Usurbilgo Udalak, Urdaiagako Leizekalde parkean jasotako irudien ostean.

“Barbakoa egin, askotariko hondakinak bildu ez” eta bertan utzita alde egin duten Urdaiagako parketik irudi kezkagarriak jaso ditu Usurbilgo Udalak. Horren harira, “gogorarazten du debekatua dagoela San Estebango Leizekalde parkean sua piztea: hor dauden arteek 100-250 urte artean dituzte, eta Usurbilgo zuhaitz aipagarrien zerrendan daude. Oro har, debekatuta dago sua egitea, eta, are gehiago, Usurbilgo ondare diren zuhaitz horien artean”. Herriko txokoez gozatzen segi nahi izatekotan, “garbi mantentzea ere beharrezkoa da. Hondakinak sortuz gero, bertako edukiontzietan bota, eta, ezin bada, eraman etxera eta han sailkatu dagokion tokian”.