Jon Begiristain Agirre, Bera Berako bigarren entrenatzailea

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 13a, 11:24

Argazkia: Bera Bera.

Beste herrikide bat, Kalezarko Esther Arrojeria jokalari taldean duen senior nesken taldeko bigarren entrenatzailea izango da Urdaiagakoa, datorren 2023-24 denboraldian.

Bera Bera eskubaloi taldeak bi herrikide izango ditu aurrerantzean; jokalarien artean, taldearekin hitzarmena beste denboraldi batez luzatu berri duen Kalezarko Esther Arrojeria. Prestatzaileen artean ere Usurbilek ordezkaritza izango du aurrerantzean; Jon Begiristain Agirre taldeko bigarren entrenatzailea izango da hurrengo 2023-24 denboraldian. Urdaiagakoak Tolosako nazional mailako lehen taldea zuzentzera doan Álex Nogués ordezkatuko du. Hala berri eman du Bera Bera taldeak azken orduotan.

Ibilbide oparoa
Oso pozik dago Begiristain erronka berri honen aurrean. “Aurten taldea gertutik ikusteko aukera izan dut eta erronka da niretzako bai Imanoli bai multzoari laguntzea. Maila guztietan egon naiz eta Europako esperientzia bizitzea motibagarria da. Horrez gain, Bera Beran titulu guztiengatik borrokatuko dugu, Superkopatik hasita, Kopan etxean izango dena eta Liga playoff formatoan”, adierazi du usurbildarrak Bera Bera taldearen ataritik. 

Ibilbide oparoa egin du Begiristainek Bera Bera barruan baita. Iaz, Euskal Ligako kadete eta jubenil mailako emakumezkoen taldeak zuzendu zituen. Aurretik, Bidasoa taldeko jubenil mailako taldea zuzendu eta Gipuzkoako nesken kadete hautatzailea izan zen 2010-14 urte artean. Aiala Zarautzen, beste usurbildar baten, Martin Larrañaga entrenatzailearen laguntzailea izan zen 2015-16 denboraldian eta ohorezko mailan egindako urtean ere talde berean segi zuen. 2017-19 urte artean Zilarrezko Mailan lehen entrenatzailea izan zen.

Bere ibilbidearen jatorria herrian bertan du Begiristainek, Usurbil Kirol Elkartean. Jokalari izateaz gain, besteak beste, Euskal Ligako kadete nesken taldea bi urtez eta beste denboraldi batez jubenil mailakoa zuzendu zituen.