Batukada feminista taldekoek abiatu dute Gure Esku Dago Eguna

Noaua Aldizkaria 2014ko mar. 22a, 15:30


Larunbat honetako giro goibelari erritmoa eta kolorea jarri diote, frontoian eskaini duten emanaldian. Inguruko tabernetan poteatzen eta eguerdi partean pilotalekuan ziren herritarrak erakarri ditu, batukada feminista taldekoentzat jendaurreko debuta izan den saioak.

Adin desberdinetako herriko neska eta emakume talde anitza dugu, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailetik eginiko deialdiari erantzunez, urtarrila amaieran Zumarte Musika Eskolan abiatu zen ikastaroan parte harten ari dena.

Larunbat honetan Usurbilen ospatuko den Gure Esku Dago Eguna girotzen hasten lehenak izan dira. Estreinako saioa zuten gaurkoa. Bertsolari eta musikariek hartuko dute lekukoa gauean, Usurbilgo Gaztetxean. Afaria eta bertso musikatuen saioa ospatuko da, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian. Bertsotan, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Iñigo Mantzisidor (Mantxi) eta Manex Mujika arituko dira, Ixak (kitarra) eta Gari (biolina) musikariekin batera. Gai jartzailea, Haritz Casabal izango da. 

Ez ordea, ekainaren 8ko giza-katean apuntatzeko epea. Gure Esku Dago bilgunekoek Sutegi atarian jarri dute goizean, euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimenean apuntatzeko informazio mahaia. Gogoan izan, giza-katean parte hartzeko metroa erosi behar dela, 5 euroren truke. Izen emateko aukera gehiago izango dira datozen asteotan. Erronka, giza-katerako 400 usurbildar biltzea da. 320 atxikimendu lortu dituzte. Halere, usurbildar gehiago behar dituzte, Uharte-Arakilen herri honek erreserbatua duen eremua betetzeko. Honez gain, Gure Esku Dago taldeak neurri guztietako kamisetak atera ditu. 10 eurotan eskura daitezke.