Esleitu dituzte, Txaramuntoko alokairu sozialeko etxebizitzak

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 22a, 15:40

Maizter berriak dituzte jada, Txaramunto kaleko bigarren zenbakiko eraikineko alokairu sozialeko etxebizitzek. Zozketatu berri dituzte, San Inazio errotonda ondoko eraikineko pisuak. Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan izan da, alkate, zinegotzi, idazkari, teknikari eta notario aurrean, eguerdian burutu den ekitaldian. Igaro beharreko prozesua beteta, zozketan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen zituzten 33 eskaera zeuden. 12 etxe zozketarako. Horietatik ekainean hutsik geratuko diren zortzi bizileku esleitu dituzte ostegun honetan. Beste laurak, alokairu kontratuak amaitu ahala esleituko dituzte. Pisuok zozketa ostean osatu den itxarote zerrendaren arabera joango dira esleitzen.

Lau kupotan antolatu dute zozketa. Kupoka, honako etxebizitza eta eskaera kopurua zegoen:
1-Ezinduak: etxe bat eta eskaera bakarra.
2-Etxebizitza premia berezia duten eskatzaileak: 3 etxe eta 6 eskaera.
3-Etxebizitza premia duten eskatzaile edo bizikidetza-unitate espezifikoak: 3 etxe (gehi aurrerago hutsik geratuko diren beste 2 etxe) eta 13 eskaera.
4-Kupo orokorra: etxe bakarra (gehi aurrerago hutsik geratuko diren beste 2 etxe) eta 26 eskaera guztira (2 eta 3 kupoetako itxarote zerrendan dauden eskaerak ere kupo honetan bertan sartzen baitira).

Etxebizitza esleitu zaien herritarrekin harremanetan jarriko da Usurbilgo Udala. Haietako batzuk, ekitaldian bertan ziren. Pozik asko, zuzenean jaso berri duten albistearekin. Orain arte Txaramunto 2an bizi eta zozketan pisurik esleitu ez zaienek hilabeteko tartea dute bestalde, bizilekua uzteko.