Usurbildarrak, ekainaren 8ko giza-katerako entrenatzen hasiak dira

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 23a, 20:57

Bi aste eskas baino ez dira geratzen, Euskal Herriak aurrekaririk ez duen ekimen bat ospatzeko; hamabost bat egun, euskaldunon erabakitze eskubidea, Durangotik Iruñeara luzatuko den giza-kate batekin aldarrikatzeko. Usurbildarrak egun handirako entrenatzen hasiak dira jada. Ikusi bestela, gaur arratsaldean, Kaxkoan grabatu dugun bideoa. Albiste honi atxikia duzue, amaiera uneko bideoa. Gure Esku Dago lan taldeak deituta, herri mailako giza-katea ospatu da. Mikel Laboa plaza buelta inguratu dute herritarrek, elkarri eskua emanda. Honela hasi da: Usurbil, ekainaren 8rako prestatzen

Gure Esku Dago oihukatuz, txalo artean amaitu dute hitzordua. Ekainaren 8an, bostehunetik gora usurbildar, zubietar eta aginagarrek Uharte-Arakilen (Nafarroa) egingo dutenaren beroketa ariketa izan da gaurkoa. Ekimen historikoa ate joka dugun seinale. Gutxi geratzen da, eta prestatzen joan beharra dago. Horregatik deitu du Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, ostiral honetako hitzordua. Udalerri mailako giza-katea osatzeaz gain, ekainaren 8ko hitzorduari begirako antolaketa lanei buruzko azalpenak emateko.

Autobusez joatea aholkatzen dute
Usurbildarrek jakin beharreko hainbat argibideren berri eman dute, prestaketa lanen azken fasean murgilduak diren bilguneko kideek. Autobusen kontua dago batetik. Autoa etxean utzi eta garraio zerbitzu hau baliatzea aholkatzen dute antolatzaileek, autobusek izango dute eta lehentasuna, giza-katea ospatuko den eremu inguruetan. Kontuan izan beraz, ostiral honetatik, zabalik dago, ekainaren 8an Usurbildik Uharte-Arakilera joateko autobusetan izen emateko epea. Adi, ekainaren 1a izango baita, apuntatzeko azken eguna. Izen emateko zerrendak, Aitzagan, Bordatxon eta Lizardin jarri dituzte. Zubietan ere jartzekoak dira. Gure Esku Dago taldekoek egunotan mahaia jartzen dutenean ere, giza-katerako eta autobuserako izena eman ahalko da. Gure Esku Dago taldetik ohartarazi dutenez, giza-katerako izen ematea ez da aski izango, autobusean joan ahal izateko. Giza-katerako izena eman behar da eta horrez gain, autobusez joan nahi duenak ere, aparte izena eman beharko du aipaturiko zerrendetan eta epe barruan. 

Mozorrotu edo musika tresnak eramateko deia
Ekainaren 8an Usurbildik irtengo diren autobusak Oiardo Kiroldegitik abiatuko dira, igande horretan bertan, goizeko 9:00etan. Herritarrei puntualak izatea eskatzen zaie. Uharte-Arakilera heldu eta giza-katea ospatu bitartean, pare bat orduko tartea edo izango da. Jai giroan burutu nahi da eguerdira arteko bidea, modu alai eta koloretsuan. Horregatik, herritarrak musika tresnekin edota mozorrotuta joatera animatzen dituzte. Giza-katea ospatzeko usurbildarrentzat erreserbatua dagoen eremua, Uharte-Arakil udalerriko kaxko ingurua da. Autobide eta trenbide ondoan dagoen bigarren mailako errepide zati bat.

12:00ak aldera burutuko da giza-katea. Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimena amaitu ostean, Usurbila itzultzeko bi autobus zerbitzu antolatu dituzte. Lehenengoa, 12:30ak aldera, giza-katea bukatu ostean. Bigarrena, 18:00ak aldera, Uharte-Arakiletik gertu, Arbizun ospatuko den jaialdiaren amaieran. Arbizun, gune desberdinekin osaturiko jai gunea antolatu dute; kontzertu, edota jan edanik ez da faltako bertan. Autobusetan izen ematerakoan beraz, autobus zerbitzu bat edo bestea hautatu beharko da. Gero, ekainaren 8an, adi; autobusek aurrealdean karteltxo bat izango dute, zenbaki, letra eta itzultzeko ordutegiarekin. Karteltxoan bueltatuko zareten ordua duen autobusera igo beharko duzue goizeko 9:00etan eta baita gero ere, Sakanatik Usurbila itzultzerakoan.

500etik gora atxikimendu
Urte hasieran, 400 usurbildarren babesa jartzeko erronka finkatu zuten Gure Esku Dago lan taldekoek. Helburua lortu zuten. 500 usurbildar biltzera heltzeko nahia erakutsi zuten gero. Muga hori ere, joan den Sagardo Egunean gainditu zuten. Orain, 600 atxikimendu lortzeko bidean dira Gure Esku Dago lan taldekoak. Bilgunetik eskerrak eman nahi dizkiete izena eman duten herritar guztiei. Oraindik apuntatu ez direnei, gauza bera egitera animatzen dituzte.

Informazio edo argibide gehiagorako: usurbilgureeskudago@gmail.com