Ekainaren 8ko giza-katean parte hartzeko eremua erreserbatu dute Uharte-Arakilen

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 27a, 14:55

Irudian duzue euskaldunon erabakitze eskubidearen alde, ekainaren 8an Durango Iruñearekin lotuko duen giza-kate luzean, usurbildar, aginagar eta zubietarrek parte hartzeko erreserbatua dagoen eremua. Marra gorri batekin adierazia dago, gutxi gorabehera, udalerri honek Uharte-Arakilen okupatuko duen bide zatia. 

Bi aste baino gutxiago falta dira jada, Euskal Herriak aurrekaririk ez duen ekimen bat ospatzeko; hamabi bat egun, euskaldunon erabakitze eskubidea, Durangotik Iruñeara luzatuko den giza-kate batekin aldarrikatzeko. Usurbildarrak egun handirako entrenatzen hasiak dira jada. Gure Esku Dago lan taldeak deituta, herri mailako giza-katea ospatu zen maiatzaren 23an. Mikel Laboa plaza buelta inguratu zuten herritarrek erabakitze eskubidearen alde, elkarri eskua emanda. “Gure Esku Dago!” oihukatuz, txalo artean amaitu zuten hitzordua. Ekainaren 8an, bostehunetik gora usurbildar, zubietar eta aginagarrek Uharte-Arakilen (Nafarroa) egingo dutenaren beroketa ariketa izan zen aurreko ostiral arratsaldekoa. Ekimen historikoa ate joka dugun seinale. Gutxi geratzen da, eta prestatzen joan beharra dago. Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, ekainaren 8ko hitzorduari begirako antolaketa lanei buruzko azalpenak eskaini zituen aurreko asteko giza-katea ospatu aurretik.

Eman izena autobusean, ekainaren 1a baino lehen
Usurbildarrek jakin beharreko hainbat argibideren berri eman zuten, prestaketa lanen azken fasean murgilduak diren bilguneko kideek. Autobusen kontua dago batetik. Autoa etxean utzi eta garraio zerbitzu hau baliatzea aholkatzen dute antolatzaileek ekainaren 8an, autobusek izango dute eta lehentasuna, giza-katea ospatuko den eremu inguruetan.

Adi beraz, autobusetan izen emateko epea zabalik dago igande honetara arte, ekainaren 1era arte. Izen emateko zerrendak, Aitzagan, Bordatxon eta Lizardin jarri dituzte. Zubietan ere jartzekoak dira. Gure Esku Dago taldekoek egunotan mahaia jartzen dutenean ere, giza-katerako eta autobuserako izena eman ahalko da. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, giza-katerako izen ematea ez da aski izango, autobusean joan ahal izateko. Giza-katerako izena eman behar da eta horrez gain, autobusez joan nahi duenak ere, aparte izena eman beharko du aipaturiko lekuetan eta epe barruan. 

Mozorrotu edo musika tresnak eramateko deia

Ekainaren 8an Usurbildik irtengo diren autobusak Oiardo Kiroldegitik abiatuko dira, igande horretan bertan, goizeko 9:00etan. Herritarrei puntualak izatea eskatzen zaie. Uharte-Arakilen jaitsi beharko da autobusetatik. Udalerri honetako kaxko inguruan. Autobide eta trenbide ondoan dagoen bigarren mailako errepide zati bat dago erreserbatua, usurbildarrek erabakitze eskubidearen aldeko ekimen historikoan parte har dezaten.

12:00ak aldera burutuko da giza-katea. Lehenago helduko dira herritarrak Uharte-Arakilera. Jai giroan osatu nahi da eguerdira arteko tarteaa, modu alai eta koloretsuan. Horregatik, herritarrak musika tresnekin edota mozorrotuta joatera animatzen dituzte.

Itzulerako bi bus zerbitzu
Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimena amaitu ostean, Usurbila itzultzeko bi autobus zerbitzu antolatu dituzte Gure Esku Dago lan taldekoek. Lehenengoa, 13:00ak aldera, giza-katea bukatu ostean. Bigarrena, 18:00ak edo 19:00ak aldera, Uharte-Arakiletik gertu, Arbizun ospatuko den jaialdiaren amaieran. Arbizun, gune desberdinekin osaturiko jai gunea antolatu dute; kontzertu, edota jan edanik ez da faltako bertan.

Autobusetan izen ematerakoan beraz, autobus zerbitzu bat edo bestea hautatu beharko da. Gero, ekainaren 8an, adi; autobusek aurrealdean karteltxo bat izango dute, zenbaki, letra eta itzultzeko ordutegiarekin. Karteltxoan bueltatuko zareten ordua duen autobusera igo beharko duzue goizeko 9:00etan eta baita gero ere, Sakanatik Usurbila itzultzerakoan.

500etik gora atxikimendu
Urte hasieran, 400 usurbildarren babesa jartzeko erronka finkatu zuten Gure Esku Dago lan taldekoek. Helburua lortu zuten. 500 usurbildar biltzera heltzeko nahia erakutsi zuten gero. Muga hori ere, joan den Sagardo Egunean gainditu zuten. Orain, 600 atxikimendu lortzeko bidean dira Gure Esku Dago lan taldekoak. Bilgunetik eskerrak eman nahi dizkiete izena eman duten herritar guztiei. Oraindik apuntatu ez direnei, gauza bera egitera animatzen dituzte.

Gure Esku Dagoren mahaia, frontoi inguruan:
Maiatzak 30, ostirala: 19:00-22:00.
Maiatzak 31, larunbata: 19:00-21:00.

Informazio edo argibide gehiagorako: 
usurbilgureeskudago@gmail.com
gureeskudago.net
facebook.com/gureeskudago.usurbil
twitter.com/GureEskuDagoU