Festa Galarretan eta ekainaren 8ko giza-katerako izen emateko azken aukera asteburuan

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 30a, 08:50

 
Ekainaren 8an Durango Iruñearekin lotuko duen giza-kate historikoaren atariko asteburuan gaude jada. Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimena ospatzeko astebete baino ez da geratzen. Adi, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, hilaren 8ko hitzorduari begirako hainbat ohar zabaldu nahi ditu eta. Batetik, giza-katerako metroa erosteko azken egunak dira hauek. Gure Esku Dagokoek azken aldiz jarriko dute informazio eta izen emate mahaia frontoi inguruan; asteburu osoan zehar, ostiraletik igandera. Albiste honetan beherago dituzue ordutegiak.

Igandean, ekainaren 1ean itxiko da bestalde, autobusetan izen emateko epea. Gogoan izan, udalerri honetako herritarrek Uharte-Arakilen dute gordea, giza-katean parte hartzeko tartea. Ekainaren 8an, hara joateko eta bueltatzeko joan etorria autobusez egitea gomendatzen dute. Usurbildik autobus zerbitzua antolatu du Gure Esku Dagok. Autobusetan izen emateko epea zabalik dago igandera arte, ekainaren 1era arte, Barazarren, Bordatxon, Aitzagan eta Lizardin jarri dituzten zerrendetan. Baita Gure Esku Dagok frontoi inguruan jarriko duen mahaian ere. Adi, ez da aski giza-katerako izen ematea ekainaren 8ko Uharte-Arakilerako joan etorria autobusez egiteko. Autobusean ere izena eman beharra dago. Igandea, ekainaren 1a, horretarako jarria dagoen azken eguna:

Maiatzak 30, ostirala
19:00-22:00 Informazio eta izen emate mahaia frontoi inguruan.

Maiatzak 31, larunbata
19:00-21:00 Informazio eta izen emate mahaia frontoi inguruan.

Ekainak 1, igandea
12:00-14:00 Informazio eta izen emate mahaia frontoi inguruan.
Oharra: autobusetan izen emateko azken eguna. Zerrendak, Bordatxon, Aitzagan, Lizardin eta Barazarren.

 

Ekainak 1, igandea: Eskualdeko jaialdia Galarretan
Ekainaren 8ko giza-katearen aurretik, eskualdeko Gure Esku Dago taldeetatik, igandean, ekainaren 1ean Galarretan antolatu duten festan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Goizeko 11:00etatik 13:30ak aldera arte luzatuko den jaialdian, denetariko ekitaldiak tartekatu dituzte, "Oriamendi 2010 enpresari eta beste hainbat enpresa, saltoki, artista eta kultur talderen eskuzabaltasunari esker, festa oso osoa doan izango da". Erremonte partida, bertsolariak, dantzariak, haurrentzako ekitaldiak (Pirritx eta Porrotx tartean), eskualdeko sagardotegietako edari goxoa, pintxoak... Albiste honetan beherago duzue egitaraua.  Nabarmentzeko ekitaldien artean, honakoa. "Kataluniatik etorritako Nens del Vendrell taldeko 120 castellersek bertan hain ohikoa den giza gaztelua egingo dute! Ikusgarria izango da ziur!", berri eman dute Gure Esku Dago bilgunetik. 

11:00-13:30 Eskualdeko jaialdia Galarretan:
Goi mailako erremontistak: Uterga-Ion (txapeldunak) eta Etxeberria IV-Barrenetxea IV.
Dantzariak, bertsolariak, abesbatza, trikitilariak, haurren txokoa, Anjel Oiarbideren parte-hartzea, Kataluniatik 120 Castellers, pintxoak eta sagardoa.
Aurkezleak: Mikel Laskurain aktorea, Oihane Mateos eta Iñigo Aiestaran kazetariak, eta Matxin IV erremontista.
Antolatzaileak: Gure Esku Dago Andoain, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil.
Laguntzaileak: Oriamendi 2010, Garayar autobusak, Oa gozotegia, Suharri Jatetxea eta sagardotegiok: Altzueta, Bereziartua, Gaztañaga, Gurutzeta, Larre-Gain, Oialume-Zar, Petritegi eta Saizar.

Adi baita, ekainaren 8a ate joka dugu eta. Goiko mapan, marra gorri batekin adierazia dago usurbildar, zubietar eta aginagarrek Uharte-Arakiletik ere igaroko den giza-katean parte hartzeko gordea duten eremua. Kontuan izan ordutegiok:

Ekainak 8, igandea
9:00 Autobusak Oiardo Kiroldegitik, Uharte-Arakilera. 
10:00 Leku hartzea Uharte-Arakilen.
12:00-12:30 Giza-katea.
13:00ak aldera, Uharte-Arakiletik itzultzeko autobus zerbitzua.
14:00etatik aurrera, ekitaldia eta jaialdia Arbizun.
18:00-19:00 aldera, Arbizutik Usurbila itzultzeko autobus zerbitzua.

Antolatzailea: Gure Esku Dago.

Informazio edo argibide gehiagorako: 
usurbilgureeskudago@gmail.com
gureeskudago.net
facebook.com/gureeskudago.usurbil
twitter.com/GureEskuDagoU