Gure Esku dago, igandera begira: "Ez dadila inor etxean geratu"

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 5a, 07:30

Ez  behintzat metrorik erosi ez duzuelako. Gure Esku Dago mugimendutik berri eman dutenez, igandeko giza-katerako web orri bidezko izen ematea itxi  behar izan dute, gain hartu baitie. Adi beraz, oraindik ekainaren 8ko euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimen historikorako metroa erosi gabe zaudetenok: "Aurrerantzean metroa erosteko bi aukera baino ez daude: herriz herri aste osoan zehar jartzen ari diren Informazio-puntu edo mahaietan metroa erostea. Igandean bertan giza katean kilometroz kilometro egongo diren Info-guneetan metroa erostea. Ez dadila inor etxean geratu!". 

Gainerakoan, pozik eta esker oneko dira Gure Esku Dago Usurbil lan taldekoak, igandeko giza-kateari begira lortu dutenarekin. "Izugarria lortu dugu: 663 pertsona saretu gara Usurbilen erabakitzeko eskubidearen alde. Ekainaren 8an 11 autobus eta 700 usurbildarretik gora (gaztetxoak kontatuta) joango gara Uharte Arakilera 123km-ko giza katearen zati bat osatzeko. Berriro ere... zorionak Usurbil, eta eskerrik asko!!". 

Igandean, Durangotik Iruñeara egingo den euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-kateko 662 metro usurbildarrenak dira. 662 herritarrek bat egin dute, historikoa izango den ekainaren 8ko hitzorduarekin. Giza-katerako izena eman duten herritarrek, Uharte-Arakilen dute hitzordua igande goizeko 10:00etan. Ordu horretarako, giza-kateko 90. kilometroan egotea aholkatzen dute Gure Esku Dago taldetik. Goiko mapan marra gorri batekin adierazia duzue, Uharte Arakileko ze eremutan dagoen erreserbatua lekua, usurbildarrek erabakitze eskubidearen aldeko ekimenean parte hartu dezaten.

Zuetako bat baino gehiago autoz joango da Uharte-Arakilera. Gogoan izan, Gure Esku Dago taldetik gomendatzen ari direna. Karteltxo bat jarri ezazue autoan, 90 zenbakiarekin. Giza-kateko 90. kilometroa usurbildarrena izango baita. "Kotxez doazen usurbildarrei autoan 90km jartzen duen paper bat jartzea gomendatzen zaie, ondo ikusgarri. Aparkalekuak seinalatuta egongo dira. Kontutan izan autobusek lehentasuna izango dutela.", Gure Esku Dago taldetik egin duten deialdia, Uharte-Arakilera autoz heltzen direnak aparkalekuetara egoki bideratuak izan daitezen.

11 autobus
Batzuk autoz, beste hainbatek Uharte-Arakilera joateko izena eman duzue autobusetan. Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik berri eman dutenez, 11 autobus irtengo dira Oiardo Kiroldegitik Uharte-Arakilerantz, igande goizeko 9:00etan. Ohar bat; "11 autobus izanik, litekeena da ordutegi horretan kiroldegi pareko errepidea norabide baterako itxita egotea. Mesedez, garaiz etorri". Puntualak izatea eskatzen dute antolatzaileek. Kiroldegira garaiz heltzea. Eta nahi duenak mozorrotuta agertu dadila, musika instrumenturen batekin... Jai giroan ospatuko baita ekainaren 8ko giza-katea. Eta antza, giro ederrean gainera. Astearte honetako iragarpenak betetzen badira, igande eguerdian, giza-katea eguzkipean ospatuko baita.

Jaialdia Arbizun ez, Etxarri-Aranatzen
Kontuan izan aldaketa hori. Eguerdiko giza-katearen ostean, Durangotik Iruñeara tartean bost jai gune antolatu dituzte. Horietako bat, Etxarri-Aranatzen, eta ez Arbizun, hasiera batean iragarri zen moduan. Usurbildik autobusez joan eta arratsaldeko zerbitzuan bueltatzeko izena eman duzuenok, Uharte-Arakilen giza-katea amaitu eta Etxarri-Aranatzera autobusez joan eta handik 18:00-19:00 artean, Usurbila bueltatu ahalko zarete.

Ekainak 8, igandea
9:00 Autobusak Oiardo Kiroldegitik, Uharte-Arakilera (adi, itzultzeko hautatu duzuen ordutegiko autobusera igo beharko duzue).
10:00-11:30 Leku hartzea Uharte-Arakilen, giza-kateko 90. kilometroan. Giza-katerako prestaketa lanak modu animatu eta ordenatuan.
11:30 Dena prest!
12:00 Hasiera: txalapartak, adarrak, kanpaiek, bozinek edo beste soinuren batek emango dio hasiera giza-kateari.
12:00-12:30 Giza-katea.
12:30 Giza-katearen bukaera. Soinuak adieraziko du amaiera.
13:00ak aldera, Uharte-Arakiletik Usurbila itzultzeko autobus zerbitzua. Autobusak baita Etxarri-Aranatzen ospatuko den jaialdira.
14:00 Ekitaldia Etxarri-Aranatzeko plazan.
15:00 Bazkaria: 1.000 lagunentzako bokatak, edaria eta jai giroa. Honez gain:
Haurrentzako gune berezia.
Musika eta animazioa egun osoan zehar.
Kontzertuak: Vendetta, Xaiko eta Tximeleta.
19:00 aldera, Etxarri-Aranatzetik Usurbila itzultzeko autobus zerbitzua.

Gure Esku Dago taldetik luzatu duten aholkuak: 
"kotxez doazen usurbildarrei autoan 90 jartzen duen paper bat jartzea gomendatzen da, ondo ikusgarri. Aparkalekuen inguruko informazioa emango zaigula esan digute. Jasoko bagenu saiatuko gara herritarrei helarazten".
"komeni bazkaria norberak eramatea".
Aholku gehiago, eta igandeko informazio osoa, Gure Esku Dagok prestatu duen liburuxka honetan: Liburuxka euskaraz

Antolatzailea: Gure Esku Dago.

Informazio edo argibide gehiagorako: 
usurbilgureeskudago@gmail.com
gureeskudago.net
facebook.com/gureeskudago.usurbil
twitter.com/GureEskuDagoU