Irailaren 27ko Argia Eguneko egitaraua prest

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 17a, 09:07

Irailaren 27an Usurbilen ospatuko den Argia Egunari buruzko zehaztasunen berri ematen hasiak dira antolatzaileak. Fanfarrea, ibilaldia, haurrentzako jolasak, Argiazaleen topaketa, kontzertuak eguneko ekitaldien artean. Baita jada iragartzen hasiak diren beste bi hitzordu ere. 18:00etatik aurrera bertso saioa ospatuko da frontoian, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Uxue Alberdi, Julio Soto eta Rosi Lazkanorekin. Egunean bertan salgai izango diren 5 euroko sarrera erosita gozatu ahal izango da emanaldiaz.

Irailaren 27ko jaialdiari begirako ohar gehiago. Batetik, bazkaltzeko modu eta aukera desberdinak izango dira. Etxetik eramandako janaria dastatzeko aukera egongo da, jai gunean bertan bokatak erosi eta dastatzekoa, eta baita herri bazkari bat ere. Herri bazkarirako tokia erreserbatu beharra dago aldez aurretik, 943 371 545 telefono zenbakira deituta edo Bordatxo tabernara gerturatuta.

Argia Egunaren bezperatan ere, irailaren 24tik 26ra ekitaldiak antolatu dituzte. Egitarau osoa, albiste honetan beherago duzue.

Usurbil, Argiazaleen topagune
Argia zaleen topagunean bihurtuko da Usurbil, iraileko azken larunbatean. "Egun osoko jaia. Hainbat hamarkadaren ostean, irailaren 27an Argia Eguna berreskuratuko dugu Usurbilen. ARGIAren inguruan biltzen den komunitateak elkar ezagutu eta ARGIAren baloreak sustatzeko ekintzek osatuko dute egun osoko egitaraua. Urte amaieran aurkeztuko dugun ARGIA astekari berrituaren nondik norakoak ere azalduko ditugu, irakurleen iritziak jasotzeko asmoz", aurreratu dute antolatzaileek.

1982-92 artean ospaturiko eguna berreskuratu nahi dute, aipatu dutenez, "Usurbilen, non bestela". Jai gunea hautatzerakoan ez dute zalantza handirik izan. "Usurbilgo ARGIAren Lagunak taldeari esker onez, hasieratik argi izan dugu festa non egin. Herritar talde hau, proiektua ekonomikoki laguntzeko sortu zen 1998an. Ekonomikoki estuen egon garenetan lagundu izan digu herritarren babesa jasotzen eta egun ere urtero antolatzen du Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen emanaldia abenduan", aipatu dute.

 

             
Irailak 24, asteazkena

19:00 Hitzaldi musikatua Sutegin: "Euskal Herriaren independentzia".
Mahaikideak: Iñaki Antiguedad eta Asier Blas.
Moderatzailea: Urko Apaolaza.
Musika: Carles Belda.

Irailak 26, ostirala
22:00 Kontzertuak Lasarteko kultur etxean: Mikel Urdangarin, Anari, Pier Paul Berzaitz, Petti, Estitxu Pinatxo, Alboka Taldea, Bide Ertzean, Jon Basaguren. Sarrera, 15 euro.

Irailak 27, larunbata
09:30 Hernaniko Fanfarrearekin diana.
10:00 Jaiaren irekiera ekitaldia. Usurbilgo Argiaren Lagunak taldeari omenaldi xumea.
10:15 Ordubeteko ibilaldi gidatua Usurbildik Jakoba Errekondo, Jon Ander Galarraga eta Josu Tellabiderekin.
10:15 Jolasen txokoa irekiko da.
11:30 "Nendo Dango" tailer ekologista, euskara eta lurra biziberritzeko.
12:00 Argiazaleon topaketa. ARGIA proiektuaren nondik norakoak laburrean azaltzea izango da helburua.
14:00 Bazkari ekologiko eta umoretsua. Asisko Urmeneta eta Kike Amonarrizekin. Leku mugatuak daude eta erreserbatzeko ARGIAra deitu (943 371 545) edo Bordatxo tabernan eman izena.
16:30 Jolas zirikatzaileak. Nortasun agiri espainiar eta frantziarraren jaurtiketa. Bola-joko aldarrikatzailea.
18:00 Bertso saioa Argiaren alde: Amets Arzallus, Miren Amuriza, Julio Soto, Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Rosi Lazkano. Sarrera 5 euro, bertan salgai.
18:30 Andrabanda kale eztanda.
22:00 Kontzertuak: Behi Bi Blues, Eñaut Elorrieta, Perlak eta Esther Sound Sister.

 

Antolatzailea: ARGIA.