"Egunkariaren auzi hau bukatzea eta epaiketa gehiago ez egotea eskatzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 18a, 13:58

Hala adierazi die Iñaki Uriak hedabideei goizean Donostiako epaitegi atarian, Egunkariaren aurkako epaiketa gehiagorik ez izatea eskatzeko burutu den elkarretaratzearen amaieran. Ostiral honetan erabakiko baitute auzitegi barruan, Egunkariaren auzi ekonomikoari loturiko epaiketa egin edo ez. Fiskaltza da epaiketa egitea eskatzen duen bakarra, ez baita ahaztu behar, epaileak berak ere auzia artxibatzea erabaki zuela uda aurretik. Erabaki haren aurrean, helegitea aurkeztu zuen ordea, Fiskaltzak. Egunkariaren defentsak helegite hura inpugnatu zuen. Eta esandakoa, epaileak du orain azken hitza. Ostiral honetan bertan emango du jakitera, Egunkariaren auzi ekonomikoari loturiko epaiketa izango den edo ez.

Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubeltzu daude auziperatuak, auzi ekonomikoan. Fiskaltzak guztira, 128 urteko kartela zigorra eta 221 milioi euroko isuna eskatzen du zortzi lagunontzat. Auziperatuen izenean, Iñaki Uriak aski dela nabarmendu du, "nekatuta gaude. Hau bukatu behar da lehenbailehen. Eskatzen duguna da, biharkoarekin bukatzea Egunkariaren auzi hau eta epaiketa gehiago ez egotea". Auzi honen atzean dagoen bulkada politikoa salatu du: "Ez da egon kalteturik, ez dago deliturik eta halere aurrera segitzen du fiskaltzak, epaileak kasua artxibatzea erabaki ostean. Ikusten da hor inpultso bat egon dela, inpultso politikoa, Egunkaria itxi zutenean bezala. Inpultso politikoko epaiketa politikorik ez egotea eskatzen dugu".

Babes zabala jaso dute Egunkariako auziperatuek
Uriak eskerrak eman nahi izan dizkio, Donostiako epaitegi atarian buruturiko mobilizaziora gerturatu den gizarte ordezkaritza zabalari. Kultura, politika edota gizarte eragileetako ordezkaritza zabala bildu baita hiriburuko auzitegi sarrera parean. Usurbildarrak zeuden tartean. Aipatu moduan, Egunkariaren auzi ekonomikoan auziperatuetariko bat, Joan Mari Torrealdai herritarra baitugu. Elkarretaratzeko "Epaiketarik ez" zioen pankartari eusten ikusi dugu. Mobilizazioak batu duen jendarte zabalean, Egunkariaren itxiera, oso modu gogorrean sufritu behar izan zuen aginagar bat; Pello Zubiria. Eragile politikoen artean, Sortuko ordezkariek parte hartu dute elkarretaratzean; Marisa Alejandro usurbildarrak besteak beste. Eta baita Foru Aldundiko ordezkariek ere; Garbiñe Errekondo herritarra zen tartean.

Guztiek, Egunkariaren aurkako epaiketa gehiagorik ez izatea eskatu dute. Egunkaria libre izatea behingoz. Ostiral honetan jakingo da epaileak zer erabaki duen.