Kilometroak 2015eko lekukoa herriari eskainiko zaio ostiralean

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 13a, 09:25


Ostiral arratsaldeko 19:30etan Mikel Laboa plazan ospatuko den ekitaldian izango da. Eguraldi txarra egingo balu, frontoira lekuz aldatuko da hitzordua. Musika kutsuko ekimena prestatu dute, eta noski, Udarregi Ikastolak eta Usurbilek, urriaren 5ean Orion jasotako lekukoa izango da ekitaldiko ardatz nagusia. "Lekuko hori, nola ez, denoi luzatu digute, bai guraso, bai ikasle, bai irakasle, bai langile, bai eta herritar edo herri eragileei ere. Kilometroak-en lekukoa aipatutako guztiei eskaintzeko" antolatu dute urriaren 17ko ekitaldia. "Ekitaldi xume bezain alaia egingo dugu. Gonbidatuta zaudete!", adierazten diete herritarrei.

Nafarroa Oinezerako laguntza deialdia
Zangotzan ospatuko da 2014ko Nafarroa Oinez, igande honetan bertan, urriaren 19an. Kilomeroak 2015eko antolakuntzatik berri eman dutenez, 40 bolondres behar dituzte sei egun barru ospatuko den jaialdian laguntzeko. Animatzen direnek Udarregi Ikastolako idazkaritzara, 943 36 12 16 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena. 

Informazio gehiago: http://www.nafarroaoinez.net/eu/index.asp