Hondakinak tratatzeko Zubietako planta, Jaurlaritzaren baimenaren zain

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 21a, 14:28


Proiektua prest dago, esleipen publikora atera ahal izateko, baina Eusko Jaurlaritzak eman beharreko Ingurumen Baimen Bateratua behar du. Eta oraindik ez dute eskuratu. Aurreikusitako epeak betetzen badira, 2015. urte amaierarako martxan egongo omen da errauste planta eraiki behar zuten gunean altxako den hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako planta.

Hala adierazi zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) atzo, Foru Aldundiko ordezkariekin batera Gasteizen. Zubietan aurreikusitako egitasmoaren dokumentazio osagarria aurkeztera joanak ziren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera: Iñaki Errazkin ingurumen diputatua eta Rolf Sieksmeyer, HEC-eko ingeniari nagusia. Baita GHK-ko ordezkaritza bat ere; Ainhoa Intxaurrandieta, Imanoz Azpiroz zubietarra eta Antton Lette, erakundeko lehendakari, lehendakari orde eta zuzendari nagusia hurrenez hurren.

Ziurtzat jo zuten, Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua lortuko dutela, baina baimena ematea atzeratzeko tentazioa egon litekeela diote, “interes politiko eta elektoralak direla medio”. Momentuz, hilabete atzeratuko omen da baimena jasotzeko unea.

   
Materia inertizatuarentzako Zestoako gordetegiarekin batera, hondakinen zikloa ixteko funtsezkoa izan eta hondakinen arazoari erantzun integrala eta iraunkorra emango dion planta izango da Zubietakoa, GHK-ren esanetan. Europako Batasunak hondakinen kudeaketari lotuta gomendatzen duen hierarkiarekin bat eginez, materialak berreskuratu eta birziklatzeari lehentasuna emango zaio. Eta erraustegiak baino ingurumen inpaktu askoz txikiagoa izango omen du ingurumenean, "hemen ez baita emisio kutsakor eta arriskutsurik sortuko eta alemaniar araudiaren arabera diseinatu da (Dep V, 2009), hauxe baita Europan dagoen araudirik zorrotzena ingurumen-inpaktuak minimizatzeari dagokionez". Azpiegitura berriokin, Gipuzkoa legeak debekatzen dituen zabortegi kutsakorrak ixten lehen herrialdea izango dela gogorarazi dute erakunde GHK-tik.

Honatx, erraustegia eraiki behar zuten lekuan eraikiko duten plantaren zenbait ezaugarri: 

ZUBIETAKO HONDAKINEN ZENTROA

 

Gastua
71 milioi euro.

 

Eraikitze lanen iraupena
Hasiera: 2014ko azaro amaieran, "proiektua osatzeko eta lursailak egokitzeko epeak" igaro ostean.
Bukaera: 2015eko udazkenean.

 

Azpiegiturak
-Tratamendu mekaniko-biologikorako planta.
-Konpostatze planta.

 

Berezitasunak
-Azpiegitura moldagarriak izango dira. Garaian garaiko beharretara egokitu ahal izango dira.

 

Hondakinak birziklatzeko gaitasuna
-Tratamendu mekaniko-biologikorako plantan:
     15.000-20.000 tona ontzi arin eta plastiko.
     10.000-15.000 tona paper eta kartoi.
     8.000-10.000 tona beira.

 

-Konpostatze plantan: gaikako bilketatik jasotako organikotik A+ kalitateko konposta egin eta ongarri gisa merkaturatuko da. Tratamendu Mekanikoko plantatik jasotako organiko zikina tratatuko da baita. Eremu hondatuak berreskuratzeko erabiliko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urteotan gauzatu asmo duen plangintzaren inguruko informazioa, hemen:
Foru Aldundiaren plangintza

Irudiak: GHK.