Kilometroak 15eko aurkezpen ikuskizunerako sarrerak salgai

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 17a, 11:24


Azaroaren 29an ospatuko den ikuskizunerako sarrerak eskuratzeko aukera duzue astelehen honetatik, salmenta guneotako batean; Udarregi Ikastolako eta Haur Eskolako idazkaritzetan, Txirristra tabernan, eta Aizpurua eta Labe-Goxo okindegietan. 2,5 eurotan.

Kilometroak 15eko aurkezpen ekitaldia azaroaren 29an, arratsaldeko 19:00etan Oiardo Kiroldegian. 2015eko urriaren 4an ospatuko den ekimenaren irudi edota leloa ezagutzeko aukera egongo da, Udarregi Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak antolatu eta Usurbilgo Udalak lagunduko duen ikuskizunean. Ordubete lehenagotik, 18:00etatik zabalik izango da Kiroldegiko taberna. Aurreratu dutenez, "ikuskizun ederra ari gara prestatzen, beraz, zuon agendetan leku bat egin mesedez". Ondo gordeak diren sekretuak, Kilometroak ekimeneko irudi eta leloa, aireratzeko bi aste eskas.

Ikastolak, irudi berria
Kilometroak 15eko lelo eta irudia ezagutzeko 12 bat egun falta diren honetan, irudi berria estreinatu eta ezagutzera eman duena Udarregi Ikastola bera izan da. Kilometroak 15 edota eraikin eta hezkuntza proiektu berriak tarteko, aldaketen urtea bizitzen ari da ikastola. Une hau baliatu nahi izan dute, duela 26 urteko logoa eguneratzeko.

"Ikastolak 1988ko otsailaren 23an egin zuen bere anagrama: gaur egun arte, urkiaren hostoa eta Udarregi bertsolariaren grafia izan dira. Eraikin berria, Kilometroak eta berrikuntza garaiak ditugunez, ikastolako logoa ere eguneratu nahi izan dugu. Gaur egunera arteko ezaugarri batzuk mantendu dira; Udarregi bertsolariak erabiltzen zuen grafia eta kolore berdea, adibidez, baina haize berria eman nahi izan zaio", ikastolako web gunetik berri eman dutenez.


Laguntzaile gehiago behar dira
400 laguneko taldea osatu da jada, #Kilometroak15 ekimena antolatzeko. Baina ez da aski, jende gehiago beharko da, bai 2015eko urriaren 4rako nahiz aurretik, urtean zehar antolatuko diren ekimenetarako ere. Bereziki, arropa salmenta eta ekonomia batzordeetan dago jende behar handiena.

"Auzolan horretarako denak gara beharrezkoak: izan guraso, izan ikasle, irakasle, herritar edo abarrak. Une honetan, bereziki, arropa salmenta eta ekonomiari loturiko batzordeetan da jende behar handiena. Parte hartu eta laguntzera gonbidatuta zaudete, beraz, eta noski, ez ahaztu izena emateaz", ohartarazi dute Kilometroak 15-etik. 
Izen emateko: izen emate inprimakia edo 943 36 12 16.

Seaskako egutegiak salgai
Iparraldeko ikastolek 2015erako prestatu duten egutegia salgai duzue Udarregi Ikastolan. Idazkaritzan dituzue eskuragarri, 4 eurotan.