79 otar saldu dira Usurbilen, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzaren alde

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 19a, 11:50


Errigorak, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEK-k asteotan elkarlanean bideratu duten elkartasun kanpaina ezin arrakastatsuagoa izan da, bai Euskal Herri mailan, baita Usurbilen ere. Usurbilgo datuarekin oso pozik dira antolatzaileak. 79 saski eskatu dira udalerri honetan, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza, eta bertako tokiko produktuak sustatzen laguntzeko. Iazko eskaera kopurua bikoiztu baino gehiago egin du aurtengoak. 2013an, 30 bat saski saldu baitziren. Aurten 79 eskatu dira, kanpainarekin bat egin duten NOAUA! Kultur Elkartean, Udarregi Ikastolan, Aitzagan eta Aizpurua okindegian. 

Saskiak eskatu dituzuenok adi egon; otarrak azaroko bigarren hamabostaldi honetan helduko direla aurreikusia dute antolatzaileek. Nafarroa hegoaldeko produktu goxoez hornituriko saskiok heldu ahala, zuekin harremanetan jarriko gara, jasotzera etorri eta ordainketak egin ditzazuen. Otarren prezioa, 50 eurokoa da. Trukean, mimo handiz ekoitzitako produktu sorta: bi botila olio (bat ekologikoa), bi poto piper, potxak, kardoa, mahats zukua (ekologikoa), orburuak, bi lata zainzuri, tomate saltsa (ekologikoa), barazki krema (ekologikoa), pikillozko marmelada (ekologikoa), botila bat ardo beltz (ekologikoa).

Bildutako laguntza osoaren %25a, Nafarroa erriberako proiektuotara bideratuko da; Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra, eta “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenaren Hamarratz proiektura. 

   
12.000 saski inguru, 151.000 euroko laguntza
Kanpaina Usurbilen arrakastatsua izan bada, Euskal Herri mailan zer esanik ez. Eskuzabal jokatu du jendeak. Errigorak zabaldu dituen lehen datuen arabera, 12.000 saski inguru saldu eta 151.000 euroko laguntza bildu da, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko. Iaz, 8.000 otar eta 112.000 euro. Argi da, indar hartzen ari den elkartasun ekimena da honako hau.