Andatzaren etorkizunaz hitz egiteko bilera, Mendi Aste honetan

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 24a, 14:52


Gogoan izango duzue, mendia zegoen egoeran egonda, maiatzeko lehen igandeko Andatza Egunik ez dela ospatu aurten. Andatza M.K.T-k ingurua zer egoeratan zegoen jabetu eta etorkizuneko kudeaketaren inguruko eztabaida piztu nahi zuen. Gaiari buruz aritzeko unea heldu da. Andatza mendiaren kudeaketaz hitz egiteko bilera deitu du Usurbilgo Udalak ostegun honetan, azaroaren 27an, 18:00etan Potxoenean. Ondoko gaiak eztabaidatu asmo dituzte:
1-Aldundiarekin negoziatzeko eta adosteko hitzarmena.
2-Egun dagoen kudeaketa planari buruzko txostena.

Ekarpen bilketa
Aurkezturiko proposamenen aurrean, ekarpenak egin ahalko dira. Aipaturiko bi gaioz gain, puntu gehiago aztertzeko aukera egongo da bileran.

Proiekzioak, txangoa eta bazkaria, Mendi Aste honetan
Txileko Atacama basamortura eginiko espedizioaren eta Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak urtean zehar antolaturiko irteeretako irudi bilduma, Usurbil inguruetatik mendi buelta eta bazkaria Patri jatetxean. Ekitaldion bueltan egituratu du Andatza M.K.T.-k azaroaren 26tik 30era ospatuko den 2014ko Mendi Astea. Urtero moduan, Sutegin ospatuko diren ekitaldiak hasi aurretik, 2015eko federatu txartelak berritu eta ibilaldirako izena emateko aukera eskainiko du antolakuntzak kultur etxean bertan. Mendi Asteko egitaraua zehatz mehatz, segidan:


Azaroak 26, asteazkena
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Aurkezlea: Xabier Erro.
Zehaztasunak: "2013ko apirilak 12-29 artean, Txile iparraldean, Txile eta Bolibia arteko mugan aritu da Mendiak eta Herriak talde bat, Xabier Errok gidaturik. Taldea Atacama Basamortutik ibili da, San Pedro de Atacamatik Aricaraino, Ozeano Pazifikoan. Inguru hauetan, Aymara kultura ezagutzeko aukera ederra izan dute. Bidaian sumendi ezin politagoak eskalatu dituzte: Cerro Copacollo (4.835 m), Irruputuncu sumendia (5.163 m),  Guallatire sumendia (6.062 m), Parinacota sumendia (6.342 m)". 

Azaroak 28, ostirala
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: 2014. urtean Andatza Mendi Elkarteak antolatutako irteeren ikus-entzunezkoa: Zumaia-Orio, Belate-Arraras, Arraras-Gorriti, Meazuri (Irun), Arlaban-Araotz, Gavarnie (Estaubé-Taillon 3.144 m), Bidarrai-Iparla-Izpegi, Valderejo, Fitero.

Oharra
: Sutegin burutuko diren ekitaldiak hasi aurretik, 2015eko federatu txartelak berritu eta asteburuko ibilaldirako izena emateko aukera izango da, kultur etxean bertan.

Azaroak 29, larunbata
08:00 Irteera Usurbil inguruetara, frontoitik abiatuta.
Ondoren, bazkaria Patri jatetxean.
Oharra: bazkarira joateko izena aldez aurretik eman beharko da, ikus-entzunezko saioak programatu diren egunetan, Sutegin jarriko den mahaian.

Informazio gehiago: andatzamendizale.info
Antolatzailea: Andatza M.K.T.