Azken 24 orduotako aurkezpen eta bilerak, iruditan

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 27a, 20:32

Potxoenea, frontoia edota Udarregi Ikastola, zenbait aurkezpen eta bileren topagune izan dira azken 24 orduotan. Hitzorduotan izan gara, eta iruditan bildu ditugu ekitaldiok:

Gazte eta helduen bateratzea, gazte lokalen parte hartze prozesuan
Belaunaldi ezberdinetako kideak bildu ziren asteazken arratsalderako Potxoenean deitua zegoen bileran. Gazte lokaletako erabiltzaileak, lokalotako jabeak, bizilagunak, gurasoak hitzartuak zeuden, Usurbilgo Udala, Elhuyar Aholkularitzarekin batera bideratzen ari den prozesuaren baitan. Aurreko asteetan, batzuek zein besteek eginiko ekarpenen ostean, adostasunera heltzeko zubi lanak egin nahi zituen, tailer moduan planteatua zegoen atzoko saioak. Hurrengo bilera, azkena, abenduaren 10ean, 19:00etan Potxoenean. 


Andatza mendiaren etorkizunaz solasean
Usurbilgo Udaleko ordezkaritza bat, herritar talde batekin bildu da gaur arratsaldean Potxoenean. Andatza mendiaren egoeraz, etorkizunaz, mendi honen kudeaketaz hitz egiteko deitua zegoen ostegun honetako bilkura. 


Pilotarien taldeko argazkia
2014-15 denboraldirako taldeko argazkia atera berri dute gaur arratsaldean, herriko pilota elkartekoek. Kirol urterako baliatuko duten erretratua duzue.




Laguntzaile mordoa
Borobil handi askoa osatu behar izan dute erdiko aretoan. #Kilometroak15 ekimeneko arropa salmenta batzordekoek gaur iluntzerako Udarregi Ikastolan deitua zuten bilerako irudiak dituzue. Herritar mordoa agertu da bilerara. Urtean zehar, Gipuzkoan barrena #Kilometroak15 ekimeneko arropa saltzeko jende bila zebilen antolakuntza. Eta laguntzaile asko agertu dira, txango hauen inguruko informazioa jasotzera. Lehen asteetarako irteerak lotu ahal izan dituzte jada. Igande honetan, azaroaren 30ean Zubiaurrenea 3ko denda irekiko den egun berean joango dira lehen usurbildarrak herrialdeko txoko ezberdinetara, #Kilometroak 15 ekimeneko materiala saltzera. 

Herritar mordoxka bildu den arren, laguntzaile gehiago behar dituzte arropa salmenta batzordean. Izen emateko: izen emate inprimakia edo 943 36 12 16.