Babestutako edukia

Azkue Fundazioa blogen inguruko inkesta bat osatzen ari da

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 21a, 17:07
 

 

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa abiarazi du. Hau da xede nagusia: euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak eskuratzea. Alegia, blog kopurua zenbatekoa den, nola kudeatzen diren edota zein baliabide erabiltzen dituzten ezagutzea. Edonork bete dezake inkesta. Lanketa honen amaieran, Azkue Fundazioak partekatu egingo ditu inkestaren emaitzak.

 

Blogen inguruko analisi sakonik egin ez dela ohartuta, jakin-mina piztu zaie Azkue Fundazioko langileei. Jakin badakite, gainera, euskalgintzan eta internet alorrean dauden askok kezka berbera dutela. Euskarazko blogintzaren erradiografia bat osatzeko asmoz, inkesta publiko bat egitea pentsatu dute.

 

 

 

Egoera errealaren isla izan dadin

Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea,  erantzun kopurua ere handia izan dadin. Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin edota ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…

 

Ahalik eta erantzun gehien batzea da helburua, “horrela ikuspegi erreal eta zabala lortuko dugulako eta informazioa benetan baliagarria bilakatuko delako”, Azkue Fundaziotik aditzera eman dutenez. “Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da. Lortutakoa egoera errealaren isla izango da”.

 

Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen al dute?

Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa al da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea? Honelako galderei erantzuten saiatuko da inkesta.

 

Egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jartzeko, baliagarria bilakatuko da inkesta bidez osatuko den erradiografia.

 

 

 

Inkestaren ezaugarriak

Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek. “Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere”, Azkue Fundazioa aditzera eman duenez.

 

 

 

 

Inkesta erantzun nahi duzu?

Azterketa honetan zuk ere parte hartu nahi baduzu, ondoko estekan ageri den inkesta bete, oso erraza da: Euskal Blogintzari Buruzko Inkesta.

 

 

 

Blogetan! ekimenaren bigarren edizioa

Bestalde, Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan. Lehiaketa honetan Argia aldizkaria du laguntzaile. Euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da helburua.

 

Guztira 129 blog daude lehiaketan, lau kategoriatan sailkatuta: 58 kultura arlokoak dira, kopuru gehien bildu dituena; 27 aisialdi kategoriara lotuta; 21 gizarte eta politika kategorian; eta, zientzia eta teknologia kategorian parte hartzen daudenak 23 dira.

 

Edozeinek bozkatu dezake bere bloga edo atsegin duen beste bat. Bai egileak eta bai jarraitzaileek.

 

Eta botoa emateko blogetan.eus en sartu eta bi aukea izango dituzu: zuzenean edo Twitterren bidez. Bozka emateko epea martxoaren 10ean amaituko da.

 

 

 

Oharra: Albiste hau babestua izan da.