Babestutako edukia

3.200 lagun, Gipuzkoa Encounter topaketan

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 13a, 09:55

Informatikari lotutako topaketa honek inoiz baino lagun gehiago batu ditu. Hiru egunez, Euskadiko teknologiaren topaleku bilakatu da Tolosako herria.

 

Gipuzkoa Encounter topaketak hazten jarraitzen du. Aurtengo edizioan, aurreikuspen guztiak gainditu dira. Datu argigarri bat: 3.200 lagun elkartu dira Tolosan asteburuan, partaideak eta bisitariak batuta. Era honetan, parte-hartze marka berri bat ezarri da. Ekimenak iraun dituen hiru egunetan, publikoarentzat zabalik egon den guneak zale asko elkartu ditu eta, horri esker, orain arteko jendetsuena izan da. Hori horrela, antolatzaileak oso pozik agertu dira "erabateko arrakasta" izan duelako. 

 

 

 

Ezagutzak partekatzeko aukera

 

Markel Olano diputatu nagusia Tolosan izan zen bisitan. Ekimen isolatu bat izatetik, egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin gero eta lotuago egotera igaro dela dio Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak. Prestakuntza-ekintzen eskaintzari esker, ezagutzak partekatzeko aukera izan dute bertaratuek informatikaren gaineko segurtasuna, errealitate birtuala, arte digitala, 3D inprimaketa, programazioa eta software librea bezalako gaien inguruan.

 

 

 

 

 

2.600 bisitari

 

Ohiko 600 parte-hartzaileez gain, 2.600 bisitari hurbildu dira Tolosako informatika festara. Horrela, asteburu batez, Euskadiko teknologiaren epizentro bilakatu da Gipuzkoako udalerria. 600 metro koadroko zona irekian, Opengunean, gai anitzen inguruan ikasteko aukera izan da: segurtasun informatikoa, zibersegurtasuna, datu pertsonalen babesa, droneak, robotika edota datuen analisia, besteak beste. Era berean, etxeko txikiek doako tailerrak izan dituzte robotikan eta led argien programazioan trebatzeko. Eta bokazio teknologikoa sustatzeko tailerrak ere eskaini dituzte.

 

Estatuko bilkura teknologiko azkarrenetarikoa da Gipuzkoa Encounter. Izan ere, honako ezaugarriak ditu: segundoko 1.100 giga transmititzeko gaitasuna duen 15 kilometroko kable-sarea eta segundoko 10 gigabiteko konexioa. Azpiegitura hauek aprobetxatuz, super-ordenagailu bihurtu da Tolosako Usabal kiroldegia.

 

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.

 

 

 

Babestutako edukia