Babestutako edukia

Goierri Valley egitasmoa ezagutu du gertutik Markel Olanok

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 18a, 06:00
 

 

Gipuzkoako diputatu nagusia Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua Lazkaon izan dira aste honetan, Felix Urkola alkatearen eskutik udalerrian dituzten proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Diputatu nagusiak iragarri du ezinbestekoa dela herrietara bertaratzea “udal ordezkariekin eta agente ekonomiko eta sozialekin batera bertako beharrak, proiektuak, ideiak eta estrategiak ezagutzeko”.

 

Lazkaora eginiko bisitan, udal ordezkariekin bildu ziren Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru, eta bertan, bi erakundeen arteko lankidetza uztartzeko asmoarekin, ideia, proiektu eta etorkizuneko estrategiak partekatu zituzten: “Gipuzkoa lurralde industriala da eta Goierrin eta Lazkaon nabarmena da sektore honen eragina eta pisua, bai jardun-ekonomikoan, baita familien egunerokoan eta herriaren martxa orokorrean ere”, azpimarratu zuen Markel Olanok.

 

 

 

"Lehiakortasunean aurrera egiten jarraitzea da gure helburua"

 

Jarraian, Goierri Valley erakundeko kideek proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkien foru ordezkariei, zuzendaritza batzordearen bileraren ondoren. Proiektuaren sorreratik Foru Aldundiaren babesa jaso du eta Olanok uste du “Goierri Valley bezalako egitasmo bat lurraldean izatea benetan baliotsua da bertako enpresentzat, baita gipuzkoar guztiontzat ere. Industria produktiboa Gipuzkoako lehiakortasunaren ardatza da eta Goierriko eskualdean eraldaketa industriala aurrera eramatea du helburu proiektu honek”. Goierriko 50 enpresa baina gehiagorentzat industria-bazkide den egitasmoak laguntza eta babesa eskaintzen die, berrikuntzan, lehiakortasunean, kooperazioan eta nazioarteko lankidetzan oinarrituta. “Ezagutza partekatuan oinarritutako lehiakortasunean aurrera egiten jarraitzea da gure helburua, eta xede hori konpartitzen dugu Goierri Valley eta eskualdeko enpresekin”, gehitu du diputatu nagusiak.

 

Goierri Valley-ko bisita profitatuz, Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru Leberri enpresara hurbildu dira. Makina elektrikoen kalkuluan, diseinuan eta fabrikazioan dihardu Leberrik. “Enpresa hau etsenplu da berrikuntzan oinarritutako enpresa eredua daramatelako aurrera, puntako teknologia erabiliz eta etorkizuneko tendentziak aurreikusiz”, Diputatu nagusiak.

 

 

  • Babestutako edukia.