Gipuzkoa Zutik: "Ukiezinak ez direla erakutsi dugu"

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 23a, 21:06

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Erraustegiaren aurka gaur arratsaldean egin den buzo zurien martxan amaieran, ekimenaren balantze modukoa egin dute antolatzaileek Zubietako plazan. Saiakerak egin arren, "ez digute pasatzen utzi" zioten Ertzaintzari buruz. Pasatzen utzi ez eta "herritarren kontra jo dute", gaineratu dute Gipuzkoa Zutik mugimendutik. "Jende piloa erori da lurrera. Inolako konplexurik gabe jo dute jendea, zauritu desberdinak egon dira". 

Baina oztopo eta jarrera oldarkorren gainetik, erronka bete dute. "Hara iristea lortu dugu, eta agerian uztea beraien negozioa zer indarkeriarekin eta ze gogoz defendatzen duten eta zer gutxi axola zaien herritar baketsuak beraien protestekin" bertaratzea. 

Gaurko ekimenarekin ziotenez, "beste Euskal Herria bat irudikatu dugu, desobedientzia ekintza ikusgarri batekin. Ukiezinak ez direla erakutsi dugu". Eta iragarri dutenez, gaurko martxa "ez da azkena izango, haien lotsa guztiak mendi honetan eta herri honetan kokatzen segitzen jarraitzen badute. Bidean jartzen dizkiguten inposaketen aurrean, alternatibak eskaintzen jarraituko dugu". 

Erraustegiko lanak oso aurreratuak direla ikusi ahal izan dituzte buzo zurien martxako partaideek, nabarmentzen zuten moduan, "urte baten buruan korrika eta presaka ustelkeriaren bitartez eraikitako erraustegia" bisitatu ahal izan dute. Hormak kolore berdekoak ditu. Baina Gipuzkoa Zutik mugimenduaren esanetan, "kolore berdeak ez du ustelkeria hori ezabatzen. Kolore berdeak ez du kalte ekologikoa estaltzen. Kolore berdeak ez gaitu engainatzen". 

"Ez gara etxean geratuko"

Erraustegiagatik soilik ez, Zubieta gainean kokatu asmo dituzten gainerako proiektuen aurkakoa ere izan da gaurko martxa. "Erraustegiko munstroaz gain, kapitalismoarentzat oinarri eta sustengu diren bestelako proiektu batzuk burutzeko asmoak ere badira goiko orubeetan. Horien artean, dagoeneko makrokartzela, adingabeentzako zentroa, kuartel militarrra, edota poligonoa aurkitzen dira. Guretzat horiek ere inposaketak dira. Makroproiektuak aurrera doazela ikustarazten saiatzen badira ere, ez gara etxean geratuko. Ez dituzue zuen tximiniak piztuko!".