Idoia Torregarai: “Betaurreko moreak jantzita arituko gara larunbatean Sutegin”

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 22a, 12:38

Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena gerra emateko gogoz hurbilduko dira larunbat honetan Sutegira. Euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletuko dituzte, beti ere, umorezko tonu batean. Idoia Torregaraik ikuskizunari buruzko xehetasun batzuk aurreratu dizkigu.

 

NOAUA! Monologoak, elkarrizketa modukoak, antzezpenak… Larunbatean Sutegira hurbiltzen denak zer topatuko du zehazki?

Idoia Torregarai. Oholtzaren gainean Mirari eta biok egongo gara, euskarari buruz eta gure (emakume) egunerokotasunari buruz ordu bete pasatxo hitz egiten, club de la comedia baten antzera, baina kontakizun bat osatuz. Gu ez gara antzezleak, umoregileak baizik. Gertatzen zaigun hori barre egiteko kodean jartzen dugu, barre eginarazi eta buruari buelta batzuk emateko asmoz. Hiru ardatzetan oinarritzen da “Bakean dagoena bakean utzi”: umorea, generoa eta euskara. Etorri beraz barre egiteko gogoz!

 

Betaurreko moreak jantzita igoko zarete oholtza gainera. Bakean dagoena bakean uztea eskatzen duzue, baina zuek gerra emateko gogoz zabiltzate, ezta?

Hori da, dagoeneko gure izenburua gezurra da, kontrakoa bilatzen dugulako saioarekin. Gauza batzuk ez badituzu astintzen ez dira aldatzen, eta horixe da lortu nahi duguna. Emakumeok umorea egin dezakegula frogatu nahi dugu alde batetik, oraindik ere gizonezkoen mundua baita hau eta aurreiritzi asko baitago. Beste alde batetik, umorearen bidez gai konkretu batzuez hitz egin nahi dugu, izan ere, “emakumeen gauzak” izateagatik askotan ezkutuan egoten baitira (gorputzak, amatasuna, parranda, hilekoa,...). Umorea kritika egiteko eta gauzak iraultzeko oso tresna eraginkorra da, eta hori baliatu nahi dugu barrearen bidez hausnarketa sustatzeko ere. Betaurreko moreak jantzita aterako gara, baina argi geratu dadila gizonentzat ere badela ikuskizuna. Hain zuzen ere gizonezkoak etortzea ere bada gure helburua, “gure gauzekin” ere ondo pasa dezaketela erakutsi nahi dugulako. Azkenik, hori guztia euskaraz eta euskararekin jolastuz egingo dugu, guretzat hori baita gure bizitzeko eta umorea egiteko hizkuntza.

“Ikusleen erantzuna oso ona izaten ari da”

Lehen saioa Usurbilen eskaini zenuten. Hasi zinetenetik hona, asko aldatu al da ikuskizuna?

Bai, iazko euskararen egunean igo ginen lehenbiziko aldiz oholtzara eta euskarari buruzko saioa egin genuen osoki. Esperientzia izugarri gustatu zitzaigun eta aspaldidanik buruan geneukan proiektua diseinatzen hasi ginen, euskaraz gain genero ikuspegia gehituz. Behin hori eginda, Lanku kultur zerbitzuekin harremanetan jarri ginen eta ordutik beraien bidez ari gara Euskal Herri osoan saioak egiten. Izugarri eskertzen diegu gugan izan duten konfiantza. Dagoeneko 29 saio egin ditugu eta egia esan harrera zoragarria izaten ari da. Iaz Usurbilen egon zirenek saio desberdina topatuko dute ia bere osotasunean, euskararekin egiten ditugun tartetxo batzuk kenduta. Hauek eta iaz etorri ez zirenek aukera dute beraz ondo pasa eta barre egiteko!

 

Geroztik emanaldi asko eman dituzue. Prentsan, irratian eta telebistan agertu zarete. Horrelako oihartzunik espero al zenuten?

Opari zoragarria izaten ari da Mirari eta biontzat. Aspaldidanik elkarrekin egin nahi genuen proiektua zen bakarrizketena eta orain egi bihurtu dela ikustea sinesgaitza ere egiten zaigu batzuetan. Jendea eta medioen interesa piztu du eta guretzat hori ederra da, umorea jendaurrean egiteko ametsa betetzeaz gain, ikusleen erantzuna oso ona izaten ari delako. Eta guztiaren gainetik, zein ondo pasatzen ari garen biok!

Larunbat honetan, Sutegin

Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak ‘Bakean dagoena bakean utzi!’ ikuskizuna eskainiko dute larunbatean, 19:00etatik aurrera Sutegin. Usurbilgo Udalaren Parekidetasun Sailak antolatu du saioa.

Argazkia: Ion Markel Saez de Urabain.