Ahobizi eta Belarriprest guztiontzako aholku sorta: "Ez etsi! Saiatzeak merezi du"

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 23a, 09:12

 

Euskaraldiko datozen 11 egunotan ez galtzeko, Ahobizi eta Belarriprest guztiontzako aholku sorta plazaratu du Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herritarren batzordeak. Eskuartean izango dugun erronkari begira, gogorarazten dutenez, "Ez dago ezinezkorik! Ohiturak aldatzea ez da da erraza, baina posible da". 

 

Zailtasunak sortuko diren arren, "ez etsi! Saiatzeak merezi du".

 

EUSKARALDIRAKO AHOLKU SORTA

Ahobizi

- 11 egunetan euskaraz egingo diezu euskara ulertzen duten guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.

 

-Ariketa batean parte hartuko duzu, beste milaka lagunekin batera. Euskaraldiak iraungo dituen 11 egunetan, ahobizi zarela adierazteko bi tresna izango ditugu:

a-Ikurra: 11 egunetan agerian eraman txapa, eta ikurra sare sozialetan; ariketa egiten lagunduko dizu zuri eta ingurukoei.

b-Hitza: lehen hitza beti euskaraz egin.

 

- Aztertu zure hizkuntza ohiturak: norekin, zertarako eta non erabiltzen duzun euskara, eta gehiago egiteko aukerak. Lehen hitza beti euskaraz egin, eutsi eta zabaldu erabilerarako bide berriak.

 

- Azaldu ingurukoei zer egingo duzun, garrantzitsua da erabaki hau hartzeko egin duzun gogoeta. Lagun, lankide, senide eta ezagunekin partekatzea lagungarria izango da.

 

- Tarteka, elkarrizketa elebidunak sor daitezke solaskideak erdaraz egiten badizu. Eutsi euskarari, elkarrizketa euskarara ekartzeko aukera duzu.

 

-Zure portaera ulertzen edo onartzen ez duen norbait egon daiteke; normaltasunez jokatu, eroso sentitu zaitez. Zure aukera da, ez da bestelako azalpenik behar.

 

- Euskarari eusteko lau estrategia gogoan hartu: ekin (lehen hitza zeuk eta beti euskaraz), adierazi (euskarari eutsiko diozula), egiaztatu (solaskideak ulertu dizula), esan (beste modu batean, solaskideak ulertzeko zailtasuna duenean).

 

Belarriprest

-11 egunetan zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu euskal hiztun guztiei, eta zeuk ere horrela egingo duzu nahi bestetan. Portaera horrek euskararen ateak zabalduko dizkizu, besteei hautatzeko aukera emango die eta denon artean erabilera handituko dugu. Eskertuko duzu, eskertuko dizute.

 

- Ariketa batean parte hartuko duzu, beste milaka lagunekin batera. Euskaraldiak iraungo dituen 11 egunetan, belarriprest zarela adierazteko bi tresna izango ditugu:

a-Ikurra: 11 egunetan agerian eraman txapa, eta ikurra sare sozialetan; ariketa egiten lagunduko dizu zuri eta ingurukoei.

b-Egin gonbitea, euskara jaso nahi duzula adierazi. Eta zeu ere animatu nahi bestetan euskaraz hitz egitera.

 

-Aztertu zure hizkuntza ohiturak: norekin, zertarako eta non erabiltzen duzun euskara, eta gehiago egiteko aukerak. Gonbidatu solaskideak euskaraz egitera eta eman aukera berriak zure euskarari.

 

-Belarriprest izateak jokaera aktiboa eskatzen du: adierazi euskara jaso nahi duzula. Solaskideren bat euskaraz hasi eta erdarara pasatzen bada, eskatu euskaraz jarraitzeko eta, zeuk ere, nahi beste erabili.

 

-Tarteka, elkarrizketa elebidunak sor daitezke. Egoera bakoitzean zuk ahal eta nahi duzun hizkuntza erabili, baina eskatu euskaldunei zuri euskaraz egiteko.

 

- Zure euskara da euskararik onena! Praktikatzea da erraztasuna lortu eta eroso sentitzeko bidea. Belarriprest zara, hitz egin euskaraz ahal eta nahi duzun guztietan.

 

-Elkarrizketetan euskarari eusteko bost estrategia: ekin (bota seinalea lehen hitza euskaraz eginda), adierazi (euskara ulertzen duzula, jaso nahi duzula), egiaztatu (solaskidearekin elkar ulertzen ari zaretela), eskatu (ulertzeko zailtasunak dituzunean, beste modu batean esateko, baina euskaraz), gonbidatu (solaskideak euskaraz jarraitzera, hizkuntza ez aldatzera).

 

Aholku orokorrak Ahobizi eta Belarriprest guztientzat

-Ez dago ezinezkorik! Ohiturak aldatzea ez da da erraza, baina posible da baldin eta solaskideak ados jartzen bagara. Aldaketa taldean egingo dugu, ez zara bakarrik egongo.

 

-Ariketa honetan egoera ezberdinak topatuko dituzu: lorpenak eta arrakastak batzuetan, zailtasunak besteetan. Ez etsi! Saiatzeak merezi du. Ahobizi bazara prestatu zeure burua, egoera horietan euskarari eutsiz, eroso sentitzeko. Belarriprest bazara helburua lortu edo ez, eroso sentitzeko.

 

-Ezezagunei buruzko usteek gure hizkuntza hautua baldintzatzen dute; pentsatu nola gainditu aurreiritziak eta eutsi erabakiari! Baietz hamaika egunetan uste baino jende gehiagorekin egin euskaraz!

 

- Adostu ariketa zure ingurukoekin. Gero eta pertsona hurbilagoak izan (senideak, lagunak…) orduan eta zailago hizkuntza ohiturak aldatzea eta inertziak gainditzea, baina aldaketak eragin handiagoa du. Gonbidatu gertukoak ariketan parte hartzera.

 

-Baliatu gainontzeko ahobizi eta belarriprestekin izango dituzun topaketa eta elkarguneak esperientziak trukatzeko. Jaso bizipenak (arrakastak eta zailtasunak) koaderno batean eta partekatu gainontzekoekin.