"Euskaraldiko partaide guztiei hartutako konpromisoa ilusioz eta sendo heltzea eskatzen diegu"

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 23a, 21:19

 

1.200tik gora Ahobizi eta Belarriprestek dagoeneko jardunean behar dute honez gero, euskarari eragiten. Ahotan hartzen, erabiltzen. 1.200etik gora Ahobizi eta Belarriprest Usurbilen, 196.000 lagun Euskal Herri osoan, haietatik 84.000 Gipuzkoan, hilabeteotan herriz herri lan egin duen bolondres sareari esker. Hitz gutxitan, Euskaraldia sustatzen ari den herritarren batzordeak gaur arratsaldean frontoian ospatu den hasiera jaialdian eginiko agerraldian nabarmentzen zuenez, "ikaragarria da Euskal Herriak Euskaraldiari eman dion erantzuna". 

 

Bai Euskal Herriak eta baita noski, Usurbilek ere. Ekimenak jaso duen babesa eskertu dute. 1.200etik gora Ahobizi eta Belarriprestekin batera, 40 eragileek baino gehiagok bat egin baitute ekimenarekin, Euskal Herrian 180 entitateek osaturiko sustatzaile sareak. "Entitate horien artean daude euskararen gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelako gizarte eragileak". Usurbilen, "kultur elkarteak, kirol elkarteak, ikastetxeak, auzo elkarteak, euskalgintzako elkarteak, alderdi politikoak, sindikatuak...".

 

"Handia den zerbait egitera goaz!"

Orain herritarren txanda dela azpimarratzen zuten. "Atxikimendu handi hau herritarrak ariketa sozialean murgiltzeko akuilu izango da. Izan ere, ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprestrola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei hartutako konpromisoa ahalik eta ondoen betetzea eskatzen diegu; eta era berean, ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egin nahi diegu".

 

Gogorarazi dutenez, "handia den zerbait egitera goaz! Ekin lanari! Goza ditzagun unez une 11 egun hauek!", desio honekin Euskaraldian gogotik parte hartzera deitu dituzte herritarrak, abiatu berri dugun ariketa azken hilabeteotan prestatzen aritu den herritarren batzordeak.